Kontseiluak eta Batzenek ‘Txillardegi jardunaldia’ egingo dute hilaren 12an
Euskararen normalizazioari egin zion ekarpena aztertuko dute San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan.
EGITARAUA
Alor anitzetan egindako lan oparoa eskertzeko hainbatetan omendu dute Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi. Urtarrilaren 14an hil zenetik ere hainbat aitortza ekitaldi egin dizkiote antiguatarrari. Oraingoan, euskararen normalizazioaren alde egindako lana ardatz hartuta, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Donostiako Batzenek Txillardegi jardunaldia antolatu dute. Hilaren 12an egingo dute San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan, 10:00etatik 13:30era bitartean. Parte hartu nahi duen orok ateak irekita izango ditu. Antolatzaileek, hala ere, aldez aurretik jakinaraztea nahi dute, lekua mugatua delako. Horretarako, 943-591200 edo (+33) 0559594948 telefono zenbakietara deitu edo idazkaritza@kontseilua.org helbidera idatzi behar da.
Euskalgintzaren zorra
Jardunaldiaren berri emateko atzo egindako prentsaurrekoan, Txillardegik Euskal Herriaren alde eta, batez ere, euskararen biziraupenean eta garapenean egindako lana nabarmendu zuen Kontseiluko Iker Salaberriak. “Euskararen normalizazioari egindako ekarpena handia izan da, garrantzitsua oso, berebizikoa. Ondorioz, euskalgintza zorretan da berarekin”. Ekimena antiguatarraren ahalegina berdintzeko nahikoa izango ez dela badakite, “hori nolabait kitatuko bada, euskaraz bizi nahia euskal herritar guztiengana hedatuz eta euskararen normalizazioan tinko eraginez izango da”. Txillardegiri gorazarre egiteko modu onena, Salaberriaren ustez, helburu hori lortzeko bidean lagungarri izango dituzten “bere ideiak lau haizetara zabaldu eta horietan sakontzea da”.
Utzitako ondare zabala goiz bakarrean lantzea “ezinezkoa” denez, hizkuntzaren alorrean landutakoaren lagina hizpide izango dutela argitu zuen Batzeneko Jexux Arrizabalagak. Txillardegik bere hiriarekin eta bertako euskalgintzarekin izandako harreman estua ere gogora ekarri zuen euskaltzaleak. Horren erakusgarri, bertan girotutako Putzu eleberria, edo antiguatarrak bereziki maite zuen Santa Klara uharteari buruz idatzitako saiakera nabarmendu zituen Batzeneko kideak.
- 10:00. Eskerrik asko, Txillar
- 10:15. Kontseiluari ekarpena, Kontseiluko Iñaki Lasa.
- 10:45. Glotodidaktika, Imanol Esnaola.
- 11:15. Atsedena
- 11:30. Ezagutzaren eta erabileraren arteko mataza, Xabier Isasi.
- 12:00. Euskal Herriko kanpoaldeari so, Urko Aiartza.
- 12:30. Euskalgintza aktiboa, EHEko Unai Larrategi eta Bagerako Dani Goñik.
- 13:15. Itxiera.