Futbolari agur esan dio Mikel Aranburuk
Hamabost urte goi mailan aritu eta gero, denboraldiaren amaieran Reala utziko du; «gauzak bere garaian uzteak balio handia du», esan du
Espainiako Liga amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen. Bereziak izango dira oso. Izan ere, azken hamabost urteetan Realeko ikur izan den Mikel Aranburuk (Azpeitia, 1979) bere futbol ibilbideko azken partidak jokatuko ditu datozen egunetan. Erdilari azpeitiarrak futbola utziko duela jakinarazi zuen atzo, Zubietan egindako agerraldian, hainbat komunikabideren aurrean.
Oso ondo pentsatutako erabakia dela azpimarratu zuen jokalari txuri-urdinak. «Gauzak bere garaian uzteak balio handia du», esan zuen. Hain justu, jendeak eta klubak berak beste urtebetez jarraitzeko eskatu diotela aitortu zuen; berak, berriz, gaitasunez ondo dagoela onartu arren, agur esateko unea dela esan zuen. «Bukaera arte jokatzeko aukera izan dut, taldearen partaide sentitu naiz, baina fisikoki eta mentalki nekea ekartzen du hainbeste urtez goi mailan egoteak», azaldu zuen.
Aranburuk, hain zuzen ere, 1997. urtean egin zuen debuta, Javier Irureta entrenatzaile irundarraren eskutik. 424 partida jokatu ditu orain arte, eta 32 gol sartu ditu. «Momentu egokia dela uste dut. Realarentzat, gainera, ez da beste munduko kaltea izango. Jokalari on asko daude zelai erdian jokatzeko», erantsi zuen erdilari azpeitiarrak.