EAJk Parte Zaharreko zabor bilketa sistema aldatzeko eskatu du
Egungoa «atez ateko bilketaren bertsiorik negargarriena» dela esan du Iñaki Gurrutxaga zinegotziak
Parte Zaharrean «atez ateko bilketaren bertsiorik negargarriena» dagoela salatu du EAJko zinegotzi Iñaki Gurrutxagak. Donostiako gune turistikoenean zaborra etxe aurrean uztea eta gaika ez bereiztea «onartezina» dela dio. Kamioia pasa aurretik kale bazterretan egunero sortzen den irudiarekin bukatu eta hondakin bereizketa sustatzeko, bilketa egiteko edukiontzi gehiago jartzea proposatu du Gurrutxagak; organikoa jasotzeko edukiontzi marroia barne. Taberna eta jatetxeentzat beira eta papera jasotzeko atez ateko bilketa egiten dute egun. Bilketa horri hondakin organikoarena gehitzea eskatu du, era berean. 2013rako sistema aldatuta egotea espero du zinegotzi jeltzaleak.