Josebe Muguruza: "Ikastolako eguna lanean indarberritzeko eta festa giroan gustura egoteko parada da"
Hamabosgarren urtez, Zurriola Ikastolak bere eguna ospatuko du, larunbatean. Groseko ikastetxearekin lotura dutenak elkartzeaz gain, egun osoko jai egitarauaz gozatzera bertaratzen diren auzotarrak ere ongi etorriak izango dira.
Ikasturte hasieran hartu zuen Zurriola Ikastolako lema Josebe Muguruzak (Herrera, 1963). Ikastetxeko buru izateak duen eguneroko jardunarekin lanpetuta badabil ere, IRUTXULOKO HITZAren galderak erantzuteko tartea hartu du.
Zein asmorekin sortu zenuten jaia?
Ikastolako bizitzan, proiektuetan eta erabakietan komunitate osoak parte hartzea nahi dugu; kolektibo guztiak, ezbairik gabe. Urte osoan lan egiteko edo unean unekoetan parte hartzera animatzeko, denok elkar hobe ezagutzea oso ona da. Lanean indarberritzeko eta festa giroan gustura egoteko parada da gure ikastolaren eguna. Ikasle, ikasle-ohi, guraso eta langile asko biltzen gara bertan, eta egun-pasa ederra izaten dugu urtero.
Ikastolaren ingurukoak elkartzeko bidea da jaia, ezta?
Horrelako egunak denon elkarlanari esker posible dira. Egitarauaren antolaketa bera Lehen Hezkuntzako 4. mailako gurasoei dagokie urtero, baina horretan lagun izaten gaituzte ikastolako ikasleak, langileak eta beste mailetako gurasoak ere. Gure ikastolan gurasoak parte garrantzitsua dira hezkuntza jarduneko kudeaketa erabakietan. Gainera, jarduera osagarri asko egiten da, eta horietan guztietan gurasoen laguntza dugu, hala nola, Musika Eskolan, Antzerki Eskolan, Eskola Kirolean, Mendi taldean eta udako kanpaldiak antolatzen ere.
Komunitate parte hartzailea da, beraz?
Egia da ez direla lehengo garaiak, denak oso lanpetuta gaude, eta gurasoak seme-alabekin atzera eta aurrera gabiltza eskola-orduez kanpo. Beste jardueretarako astirik gabe daude guraso gehienak, haurrek 10-11 urte betetzen dituzten arte, gutxienez. Bestalde, askotan diogu egungo gizartean norbanakoaren interesak bultzatzen gaituela eta inplikatzea gutxitu dela; asko eskatzen dugula eta gutxi ematen. Hori neurri batean egia bada ere, ez da beti horrela, ordea. Gauza asko lagun askok musu-truk egindako lanari esker ateratzen dira aurrera, bai gure ikastolan eta baita gure herrian ere. Gure xedeetako bat gazteak gizartean erantzukizunez eta era proaktiboan parte hartzeko heztea baldin bada, eta hala da, ezinbestekoa dugu hori bera egunerokoan helduon jarrerekin erakustea. Gure betebeharra da, guraso eta irakasleen betebeharra. Gure ikastolaren leloa Guztiok, guztiona, guztiontzat da eta azken Kilometroak jaiarena, berriz, Hirekin mundura. Nahiko esanguratsuak dira, ezta?
Auzoari ere ireki ohi diozue jaia.
Auzora maiz ateratzen gara. Data berezietan –Euskararen Egunean, Gabon egunean, Kaldereroetan, Santa Agedan eta Inauterietan– kaleak alaitzen saiatzen gara. Inguruko zerbitzuekin eta elkarteekin ere lankidetzan aritzen gara, baita auzoko jai batzordearekin zein beste elkarte eta euskal eragileekin ere. Festa egunean ere horrela izango da eta ateak auzoarentzat zabalik egongo dira. Horren lekuko, hasteko, egunaren irekiera. Gure txistulariek eta dultzaineroek diana joko dute Gros auzoan, bizilagunak gurera gonbidatzeko asmoz. Hortik aurrera, festa guztiz irekia da, edonor gertura daiteke, gu ezagutzera zein festaz gozatzera. Festaren egitarauak duen kostuari aurre egiteko 5 euroko sarrera ordaintzen da lehen orduetan; arratsaldeko azken partea eta festaren amaiera, aldiz, doan da datozen guztientzat.
Hamabosgarrena da aurtengoa. Zein berezitasun izango ditu?
Batetik, Uliari bira sortu genueneko lehen urteurrena betetzera doa. Hori dela eta, taldean berriro egingo dugu ikastolak informazio panelen bidez iaz markatutako bidea, nahi duenak oinez eta nahi duenak lasterka. Gure mendiak ezkutuan dituen altxor batzuk ezagutzeko eta haren edertasunaz disfrutatzeko aukera paregabea da. Aurten aipatzekoak dira ere lehorreko estropadak. Ergometroarekin lehian jarriko dira parte hartu nahi duten guztiak, Lasurtegiren laguntza bereziarekin. Gero, Urko etorriko zaigu eta Donostiako abeslariak kantuan jarriko gaitu denak, tarte batez.
Horiekin eta beste askorekin, egitarau anitza prestatu duzue.
Egitarau zabala, irekia eta adin guztietakoek gozatzeko modukoa. Txikienentzat Hipo eta Tomax, “gure” pailazo handiak –Antzerki Eskolako irakasleak dira–, poniak, puzgarriak, pedaloak, labirintoa, Asier Kidam magoa eta eskulan tailerrak. Handixeagoentzat entzierroa, herri kirolak, arku tiroa, gimnasia erritmikoa, DJ tailerra, zurriolaokea, irrintzi lehiaketa eta buruhandiak. Gazte eta helduentzat, berriz, lehorreko estropadak, Urko, Zurriola Antzerki Eskolako gurasoen antzerki emanaldia, patata arrautzopil lehiaketa, sagardo dastatze ikastaroa eta Tutti Fruti Bandaren musika alaia. Bukatzeko, dantzaldia Jalisko Bandarekin; kalejirak, rancherak, gaurko euskal musikarekin hezurdura mugitzeko. Eta, festa ixteko, zezen suzkoa, beti bezala.
Berriki zendu den Aurkene Mora zuzendari ohia ere gogoan izango duzue.
Egitarauko une bereziena da, jakina. Oso berri dugu gure aurreko zuzendariaren heriotza. Ikasturte honen hasieran gurekin genuen, talde-lanean artean, eta oso epe laburrean joan zaigu. Hori dela eta, omenaldi txiki bat egingo diogu jai egunean, eguerdi aldera. Hala ere, horrez gain, berezko ekitaldia behar duela uste dugu. Aurkeneri maiatzaren 18an egingo diogu omenaldia, arratsaldeko seietan, ikastolan bertan. Ikastolako jendea eta lagun genuen eta maite genuen guztiok elkartuko gara bertan, modu alai eta atseginean –ahal den heinean, behintzat– berak ikusiko nahi gintuen bezala.
Irailetik daramazu zuzendari gisa. Zer moduz moldatu zara lehen hilabeteotan?
Urte asko daramat irakaskuntzan, baina aspaldian kudeaketa-lanetatik urruti. Hori dela eta, kokatu eta lan berrira egokitzeak bere denbora hartu dit, ikasten ari naiz. Erronkari aurre egitea erabaki nuenean, ordea, banekien lan talde ona topatuko nuela, oso ona, eta hori da garrantzizkoena. Profesional onak ditut inguruan, ikastola osoan, inplikatuak eta giro onean ari direnak. Taldea bera da inportantea, ez zuzendaria besterik gabe. Hala ere, lan andana dugu.
Epe laburrera begira zein erronkari aurre egin beharko dio ikastolak?
Gure ikastola, tamaina erraldoia ez badu ere, asko handitu da urte gutxiren buruan. Bi proiektu ezberdinetatik bakarrera gatoz, eta berria ongi definitzen lan asko dugu egiteko oraindik. Leku beharrak ditugu eta lehengo egoitzak berritzearena. Horri guztiari gehitu behar datozen urteak zailak izango direla denontzat, eta baita hezkuntzarentzat ere. Ez gara aspertuko, ez!