Santa Klarako itsasargiak gidatuko du Olatu Talka
Arkitektura ikasleekin ekimen parte hartzailea bultzatu nahi izan dute; itsasargia apaintzeko erabilitako palet meta eta argindarra iturri ekologikoetatik eskuratu dituzte
Dena prest dago 2016ko hiriburutzaren erakusgarri izango den Olatu Talka jaialdiari ekiteko. 200 ekitaldiz osatutako hiru eguneko “superprodukzioa” hastera doa. Azken ukituak besterik ez dira falta. Hiru egunetan bada ere, hiria eta lurraldeko beste zenbait herri eta bazter Europako Kultur Hiriburu bihurtuko dira.
Olatu Talkak era profesional eta amateurrean egunero beren energia eta sormena lantzen duten herritarren indarra argituko du. Aurretik, ordea, egunero marinel eta arrantzaleen bidea argitzen duen itsasargia jaialdi handirako prestatu nahi izan dute. Pauzarq estudioak bultzatu duen proiektuak Santa Klara itsasargia bihurtu du arreta gune. Iluntasunean dabiltzan herritarrak laguntzeko altxa zen eraikina kultur parke bilakatzea du proiektuak jomuga. Azken batean, Donostia 2016 proiektuaren balioak Santa Klara itsasargia ardatz duen proiektu batean txertatu nahi izan dituzte.
Batetik, arkitektura ikasleekin ekimen parte hartzailea bultzatu nahi izan dute. Bestetik, itsasargia apaintzeko erabilitako palet meta eta argindarra iturri ekologikoetatik eskuratu dute. Eta Donostia 2016ri bezala, egitasmoari europar dimentsioa eman nahi diote. Gipuzkoako kostaldean dauden zazpi itsasargiak eraldatzeko proiektuak lurraldeko mugak gainditu nahi ditu.