Eskolara bizikletaz doan ume kopurua %7 hazi da
Eskola Bidea ekimenaren bilakaera neurtu dute Zuhaiztin, Intxaurrondo Ikastolan eta Arantzazuko Aman
2003. urtean hasi zen Eskola Bidea hiriko ikastola eta ikastetxeen artean sustraitzen, eta pixkanaka ari da etxetik eskolarako bidea oinez eta lagun artean joateko ohitura hiriko umeen artean zabaltzen. Egun 31 dira Eskola Bidea egitasmoarekin bat egiten duten ikastetxeak.
Ekimenaren arrakasta neurtzeko, Zuhaiztiko, Intxaurrondo Ikastolako eta Arantzazuko Amako ikasleen artean izan duen bilakaera aztertu du Mugikortasun Sailak. 2010ean beste azterketa bat egin zuten. Hartan, hamabi eskoletako egoera aztertu zuten. Bi urteko aldean, eskolara joateko auto eta motoen erabilera %19,2tik %15,95era jaitsi da. Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak zein Isabel Prieto Eskola Bidea ekimeneko arduradunak, halere, bizikletaren erabilerak izan duen gorakada nabarmendu dute. Bi urtean %2,73tik %9,52ra igaro dela zehaztu dute.
Hazkundea, batik bat, Lehen Hezkuntzako haurren artean nabaritu dela zehaztu du Prietok eta hurrengo erronka umeok bizikletaz seguru joateko beharrezko bitartekoak ezartzea izango dela nabarmendu du. «DBHko haurrek baliabide gehiago dituzte euren kasa ibiltzeko, Lehen Hezkuntzakoen automonia, ordea, mugatuagoa da».
Eskolara oinez doazen umeak seguru ibil daitezen, zebra bide altuagoak jarri dituzte, espaloiak zabaldu dituzte ala, Mirakruz kalean egin bezala, semaforoen denbora tarteak oinezkoen mesederako egokitu dituzte. Neurri horiei esker, eskolako ibilbidea oinez egiten dutenen kopurua (%63tik %73ra)%10 hazi da.
Proiektuak, gainera, harrera ona du ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Batez beste, %78k jotzen dute ekimen seguru, iaz baino %25 gehiago. Eragozpen handiena gurasoek jartzen dutela adierazi du Eskola Bideko arduradunak. Irakasleek balio eta gizabidezko jokabideak lantzeko ekimen aproposa dela uste duten bitartean, gurasoen aldetik inplikazioa txikiagoa izaten dela adierazi du. Hasieran, gainera, gurasoen laguntza beharrezkoa da, haiek izaten direlako zebra bide eta pasabide arriskutsuetan umeak laguntzen ibiltzen direnak.
Ikasbide ikastola
Eskola Bidea ekimenaren alde on eta txarrak neurtzen azkenak Loiola Erriberako Ikasbide ikastolakoak izan dira. Maiatzaren 4ra arte iraungo zuen ekimenak umeen artean izan duen erantzun ona ikusita, ikasturte bukaera arte luzatzea erabaki dute.
Hain justu, aurreko astean mugikortasun iraunkorraren alde elkarlanean ari diren Civitas programako ordezkariak hirian elkartu ziren eta bertatik bertara ezagutu zuten Eskola Bidea ekimena Loiolako Erriberan. Dendari eta auzotarren inplikazio eta parte hartzea goraipatu zutela adierazi du Isabel Prietok.