Hitzak soberan daude
Gerra irudikatzen duten 33 argazki eta bakea irudikatzen duten beste hainbeste ikus daitezke San Telmo Museoko ‘Gerra eta Bakea, zuzeneko begiradak’ erakusketan; guztiak nazioarteko argazkilari handien lanak dira.
Erakusketa
Gerra eta bakea: zuzeneko begiradak izeneko erakusketa ireki dute San Telmo Museoan. Nazioarteko 33 argazki-kazetariren 66 argazkik bete dute aretoa. Izan ere, argazkilari bakoitzak bere bildumako bi argazki gehitu dizkio erakusketari; gerra irudikatzen duen bat, eta bakea irudikatzen duen beste bat. Zehazki, Euskadi Fundazioak bultzatutako ekimena da, 2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen barnean.
Erakusketaren komisarioa Paco Valderrama da, eta berak azaldutakoaren arabera, urte eta erdi baino gehiagoko lana izan da, zaila izan baita argazkilari guztiekin harremanetan jartzea. Erakusketako argazki zaharrena 1958an Kuban ateratako bat da, eta berrienak, berriz, Arabian bizi berri diren borrokak islatzen ditu. Azken batean, gerra irudi guztiak, gune gatazkatsuetan ateratakoak dira. Gainera, argazkietako asko sarituak izandakoak dira. Samuel Arandaren Yemengo argazki bat, esaterako, World Press Photo 2012ko argazki irabazlea izan da. Bertan, ama bat ageri da, frankotiratzaile batek zauritutako bere semearekin.
Bakea irudikatzen duten argazkien artean, berriz, denetariko argazkiak topa daitezke; esaterako, Santiago Lyonek Espainiako Buñol herrian tomatinari ateratakoa.
Katalogo mardula
Erakusketa ibiltaria da Gerra eta Bakea; Gernikan hasi zuen ibilbidea, eta Donostian uztailaren 12a arte egongo da; ondoren, Bilbon, Eibarren eta Gasteizen izango ditu geltokiak.
Argazki guztiak katalogo mardul batean bildu dituzte, eta 10 euroren truke eros daiteke, San Telmon bertan.
- Zer. Gerra eta Bakea: Zuzeneko begiradak. 33 argazkilariren 66 argazkirekin osatutako erakusketa.
- Non. San Telmo Museoan.
- Noiz. Uztailaren 12a arte.
- Argazkilariak. Alvaro Ybarra, Ariana Cubillos, Carlos Barria, Enrique Meneses, Fernando Moleres…
- Sarrera. Doakoa.