Loiolako Erriberako autobus geltokiak ez du oposizioaren babesik
Atotxako lanak hilabete eta erdiko epean hasiko ez balira, zentsura mozioa aurkezteko prest dago PSE-EE
Loiolako Erriberaren alde egiteko arrazoi nahikorik ez dagoela uste dute jeltzaleek
Datorren asteko udalbatzarri begira, osoko bilkura aurreko batzordeak elkartu ziren atzo. Jorratu zituzten gaien artean hiriaren etorkizunerako giltzarri den gai bat: autobus geltokia. Azpiegitura hori Loiolako Erriberan eraiki ahal izateko zatikako plana aldatzearen alde bozkatu behar zuten udal taldeek. Aldaketa egitea, ordea, ez da posible izango Bildu bakarrik geratu delako autobus geltokia Loiolako Erriberan eraikitzeko borrokan. PSE-EEk eta PPk Atotxa nahiago zutela jakina zen; jeltzaleek zer egingo zuten argitzea falta zen eta, proiektu baikoitzaren alde onak eta txarrak aztertu ondoren, EAJko bozeramaileak azaldu du: «Ez dago udalak Atotxan autobus geltokia eraikitzeko erabakia aldatzeko nahikoa arrazorik».
Honenbestez, jeltzaleak Atotxako proiektuari heldu eta egia bihurtzearen aldekoak dira. Kokapen «perfekturik ez» dagoela adierazi du Goiak, dena den. Kokapen bakoitzaren alde onak eta txarrak zerrendatu ditu bozeramaile jeltzaleak. Abiadura handiko trenaren geltokia eta geltokiarekin batera eraikiko litzatekeen aparkalekua jo ditu balantza Atotxaren aldera erortzeko ardatz. Halere, «arduraz» jokatu dutela esan du.
Autobus geltokia Loiolako Erriberan egin ahal izateko, beraz, Bilduk ezingo du zatikako plana aldatzeko gehiengorik lortu, PPk eta PSE-EEk Atotxako aukerari eusten diotelako. PPko bozeramaileak Atotxaren aldeko hautua berretsi du, Loiolako Erriberak ez duelako, egun, intermodalitaterik eskainiko. «Loiolako Erriberan geltoki intermodala izan behar zuena loturarik gabeko autobus geltokian bilakatu du udal gobernuak, ez baitu ez Renferen ez Donostialdeko Metroarekin loturarik izango». Loiolako Erriberak, hortaz, «intermodalitaterik eskainiko ez» duenez, Erdialdetik hurbilago egotearen alde egin dutela zehaztu du.
Nahiz eta oposizioko udal taldeek Atotxaren alde egin, udal gobernua ez dago amore emateko prest eta ez dirudi Atotxan lanak hasteko prest dagoenik. Juan Karlos Izagirre alkateak, gainontzeko hiru udal taldeak Atotxaren aldekoak direla jakinda ere, autobus geltokia aurrera aterako dutela eta «teknikoki, eragingo lituzkeen eragozpenengatik, etorkizunean izango duen intermodalitateagatik eta bideragarritasun ekonomikoagatik» Loiolako Erribera aukera hobea dela ziurtatu du. Atotxako geltokia hiria eta udalarentzat «zama» izango litzatekeela esan du alkateak. EAJri, gainera, «arduraz» jokatzeko deia egin dio, nahiz eta jeltzaleek Atotxaren alde egin dutela jakin.
Ingurumen adierazpena
Edonola ere, oposizioak bereari eutsita ere, teknikoki Loiolako Erriberako aukera aproposena dela frogatzeko, Atotxan aparkalekua eta tren geltokiarekin bat egingo duen geltoki intermodala eraiki aurretik ingurumen azterketa bat eskatzeko prest egongo litzateke Bildu. Eta PPko bozeramaile Ramon Gomezen iritziz, Urumeatik hain gertu dagoen geltoki intermodalak ez lituzke beharrezko baldintzak beteko.
Hala eta guztiz ere, Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramailea ez dago denbora gehiago galtzeko prest. Hala, Atotxako geltokiko lanak hilabete eta erdiko epean abian jartzen ez badituzte, alkatearen eta udal gobernuaren kontrako zentsura mozioa aurkezteko prest daudela adierazi du. Izagirrek «behin betikoz donostiarrek nahi dutena eta udalbatzak berretsi duena» bete behar duela aditzera eman du. «Gaia nahasteari utz dioezaiola. Urtebete galdu dugu jada; ez ditzagula bi galdu», dio.
Udal gobernuak ostiral honetan bertan Atotxako lanak geldiarazteko indarrean dagoen agindua bertan behera utziz, proiektuari ekin diezaioketela nabarmendu du Ernesto Gascok.