Herriz herriko «zabor turismoaz» ohartarazi du Eneko Goiak EAJko bozeramaileak

Udal gobernuak «edukiontziei giltzarrapoa jartzeko iradokizun bitxia» egin duela dio jeltzaleak

Gipuzkoako 34 udalerrik erabakia dute zaborra biltzeko atez ateko sistema ezartzea. Horrek hiriko zabor bilketan eragin zuzena izango duela ohartarazi du Eneko Goia EAJko bozeramaileak. Usurbilen eta Hernanin ezartzeak hondakinez beteriko poltsekin hirira datozenen «zabor turismoa» eragin duela zehaztu du. Pasaian ezartzen denean joera hori askoz ere nabariagoa izango dela adierazi du: «Donostiari eragingo dion kaltea begibistakoa izango da, Eskalantegi kalean eta Azkuene kalean espaloiaren alde batean atez ateko sistemaren zutoinak izango dituztelako eta beste aldean Donostiari dagozkion edukiontziak».

Udalak zaborra biltzeko bost milioi euro bideratzen ditu urtero. Inguruko herriek atez atekoa ezartzen badute, «eragin zuzena izango du hiriko zerbitzuan», dio bozeramaileak. Egoera horri erantzuteko neurririk hartuko ote duten galdetu diote jeltzaleek udal gobernuari. «Aztertzen» ari direla eta hipotesi bezala, «edukiontziei giltzarrapoa jartzeko iradokizun bitxia» egin dutela jakianarazi du jeltzaleak. Udal gobernuak «zabor turismoarekin bukatzeko» erabakiren bat har dezan, mozio bat aurkeztuko dute hurrengo asteazkeneko osoko bilkuran.

Bildu eta ezker abertzalea atez atekoarekin «tematu» direla eta «zaborra alfonbra azpian gordetzea irtenbide irreala» dela azpimarratu du Goiak. Donostiak ezin duela «inguruko herrien alfonbra» izan gaineratu du.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend