Oposizioak atzera bota du Loiolako Erriberako autobus geltokia
Atotxa ala Loiolako Erribera? Udalbatzarrean autobus geltokiaren kokapenaren inguruan eztabaidatu dute. Botoa eman dute, eta oposizioak atzera bota du Loiolako Erriberako proiektua. Ricardo Burutaran hirigintza zinegotziak eta Juan Karlos Izagirre alkateak Loiolako Erriberaren proiektua defendatu dute. Izagirrek adierazi du udal gobernura iritsi zirenean autobus geltokiaren inguruko proiektuak aztertu zituztela. Tartean Atotxakoa. Proiektu horren inguruan “informazio ezkutua” aurkitu zutela esan du: “Atotxakoa txikia geratuko zela, ezengortasun ekonomikoa eta ingurumenean izango zuen eragina ere ezkutatu egin zen. Guk tiraderatik berreskuratu genuen Erriberakoa”. Autobus geltokiaren afera “ondo” kudeatu dutela esan du. “Atotxa garestiagoa da, obra zailagoa da, trafikoan eragin negatiboak ditu, topoarekin ezin du inola ere bat egin. Riberas teknikoki hobea da”, defendatu du Izagirrek. Oposizioak Atotxaren alde egitearen zergatiaren inguruan hitz egin du Izagirrek. Haren ustez, AHTan dago gakoa. Autobus geltokia Atotxan egitearen truke AHTaren geltokia ziurtatuko dutela uste du: “700 aparkaleku oparitzen dizkiogu Adifi AHTaren truke. Ez esan Atotxakoa dela hobea”. Atotxako geltokia “arazo asko” ekarriko dituen proiektua dela esan du: “Guk ez dugu ezer ezkutatuko eta ez dugu gezurrik esango”.
PSE-EEko Ernesto Gascok autobus geltokia berehala egiten hasi behar dela esan du. Autobus geltokia egiteko adostasuna lortu ez izanaren errua Bilduri bota dio: “Hurrengo lau urteetarako geltokirik gabe utziko gaituzue”. PPko Ramon Gomezek Bilduk Loiolako Erriberaren aldeko argudiorik eman ez duela esan du: Oposizioaren aldeko irainak besterik ez ditugu entzun”. Hasieratik Atotxaren aldeko botoa eman dutela esan du: “Egia da Loiolako Erriberaren aldeko apustua egin genuela, baina ez egungo proiektuaren aldeko apustua”.