Jon Anzaren auzian irregulartasunak izan direla aitortu du epaileak, baina ikerketa gehiago egitea baztertu du
Jon Anza euskal preso ohia desagertu eta hil zenetik hiru urte pasatu direnean, haren senitartekoei hitzordua eman zien atzo Anza auzia daraman Myriam Viargues epaileak. Lau orduz bilduta egon ondoren, prozedurako irregulartasunak ez dituela ikertuko esan die epaileak.
Anzaren hiru senide eta bi abokatuak egon ziren bilkuran, Maritxu Paulus-Basurko eta Julien Brel. Prokuradoreak ikerketen ardura hartu zuenetik epaileak ez du familia hartu, eta, ondorioz, ezin izan ditu zuzenean egin azken hiru urtean dituen erantzunik gabeko kezka eta galderak.
Sumarioan dauden elementuak jakinarazi zizkien epaileak, eta egin dituen urratsak azaldu. Onartu zien «irregulartasun» ugari izan direla kasu horretan, baina, hala ere, argi adierazi zien ez dituela ikertuko. «Epaileak esan digu bere lana zela argitzea nola eta zergatik hil zen Jon, baina ez zituela disfuntzionamenduak ikertuko, ez delako bere lana», jakinarazi du Paulusek.
Anzaren familiaren eta abokatuen iritziz, haren desagertzea eta heriotzaren nondik norakoak argitzeko funtsezkoa da prozedura akats guztiak ikertzea. Jon Anzak eritasun larria zeukan, eta bere egoeran ezinezkoa zen hamaika egunez Tolosan egotea, karrikan. Ez da frogarik agertu baieztatzeko Tolosara heldu zela trenez. Baieztatzen den elementu bakarrak dira 2009ko apirilaren 30ean Tolosako Strasbourg etorbidean hartu zutela osasun zerbitzuek, eta erietxera eraman eta egun gutxira zendu zela.
Itzalgune horiek argitzeko asmoz, ikerketetan parte hartu zuten poliziak galdekatzea eskatu du Anza kolektiboak, behin eta berriz. Horrekin batera, Michele Alliot Marie galdekatzeko eskatu du, Anza desagertu zelarik Frantziako Barne ministroa baitzen eta ikerketa burutu zelarik Justizia ministroa. Poliziak galdekatu dituela jakinarazi zien epaileak abokatuei, baina ez duela segidarik emanen. Alliot Marie galdekatzeko asmorik ez duela erran die.
Jon Anzaren osasun txostena eskatu du familiak. Tolosako epailearen esku dago, baina ez dio familiari eman nahi, sumarioa sekretupean dagoela argudiatuz. Heriotzaren egiazko arrazoia azal dezakeela dio familiak.