Autobus geltokia "ondo eta azkar"eraiki nahi duela dio Bilduk
Makinak, dena den, oraindik ezin direla Atotxan sartu nabarmendu du. Lanei ekiteko oraindik hainbat izapide bete behar direla zehaztu eta horretarako lanean ari direla ziurtatu du. «Gauzak ondo eta azkar egin nahi ditugu», dio.
Lanak lehenbailehen hasteko pausoak azkartuko dituzte; horretarako, ordea, ez dute legeak exijitzen duena albo batera utziko. Hain justu, Atotxan geltokia egiteko falta diren izapideak azkartzeko, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Ricardo Burutaran Renfeko trenbideak kudeatzen dituen Adif erakundeko arduradunekin elkartu ziren asteartean. Geltokia egin ahal izateko trenbideak dituen segurtasun eremuak moldatu behar direla azaldu du Burutaranek eta baimen horiek Adifek eta Espainiako Gobernuko Sustapen ministerioak eman behar dituela jakinarazi du. Izan ere, autobus geltokiaren proiektuak Norteko tren geltokian ezarrita dauden segurtasun eta eraiki ahal izateko mugak gainditzen ditu. Adifek, era berean, makinak sartu ahal izateko baimena eman behar duela gaineratu du zinegotziak.
Burutaranek, hala ere, ez du baimen horiek emateko arazorik egotea espero. Gainera, bi aldeek egindako bileran izapide eta lanen jarraipena egiteko maiz harremanetan egotea adostu zutela adierazi du. Baimen horiekin batera, autobus geltokiak ingurumenean zein eragin izan dezakeen neurtuko duen azterketa egin behar du aldundiak.
Txosten horiek guztiak aurrera ateratzea ez dagoela Donostiako Udalaren esku zehaztu du Hirigintza zinegotziak; dena den, «ahalik eta azkarren» egin daitezen gertuko jarraipena egingo dutela ziurtatu du.
Aldundiak ingurumen azterketa sei hilabetetan egongo dela aditzera eman duen arren, beharrezko baimen eta txostenak esku artean noiz izango dituzten ez dakitela eta lanak noiz has daitezkeen esatera ez da Bilduko ordezkaria ausartu.
Ematen den pauso bakoitzeko, era berean, «gardentasunez» aritzeko asmoa dutela eta udal taldeei «unean uneko informazioa» eskainiko dietela ziurtatu du Burutaranek. Lanen jarraipena egin ahal izateko alkateak lan talde bat osatzeko asmoa erakutsi zuen.