Donostia eta Tolosa txotxongiloen erakusle izango dira
Bi udalerriak munduko kongresuaren eta jaialdiaren egoitza izango dira 2016an, egindako elkarlanari esker
Donostia eta Tolosa izango dira Txotxongiloaren Munduko Kongresuaren eta Jaialdiaren egoitza 2016an. Bi udalerrien elkarlanak saria lortu du; Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa (Topic) eta Donostia 2016 hiriburutzak bultzatu baitute hautagaitza. Tolosako eta Donostiako ordezkaritza batek hautagaitza defendatu zuen atzo Txinako Txengdu hirian. Aurtengo egoitza hori izan baita.
Errusiako Katerinburgo hiriarekin lehiatu zen Tolosa-Donostia hautagaitza. Aurkezpenen ostean, Nazioarteko Txotxongiloen Elkarteko 200 aholkulari baino gehiagoren artean hautagairik onena aukeratu zuten.