Gipuzkoako hondakinen kudeaketa plana nazioarteko bost adituk idatzi dute
Martin Steiner austriarrak parte hartu du lantaldean; 20 urteko esperientzia du hondakinen kudeaketan
Gipuzkoako Aldundiak hondakinen kudeaketarako egin duen proposamena izan du hizpide. Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren hitzetan, “ez da plangintza berria izango, indarrean dagoen plangintzaren garapen programa izango da”.
Garapen programa egitea derrigorrezkoa zela esan du Alduntzinek: zaborren kudeaketarako plangintza 2002koa delako, eta gauzak asko aldatu direlako orduz geroztik. Besteak beste, zaborren fluxuei buruzko datuak puztuta zeudela adierazi du. Gainera, Gipuzkoako 52 udalek zero zabor politikarekin bat egin izanak hondakinen kudeaketan izango duen eragina azpimarratu du Alduntzinek. Krisia eta Europatik datozen irizpideak ere kontuan hartu behar direla azaldu du Alduntzinek: “Ezin dela erre birziklagarria den zaborra; zabortegietara botatzea ere bukatu egin behar dela ahalik eta azkarren; eta gainera, egoera ekonomiko honetan inbertsio ekonomikoen tamaina egokitu beharra dagoela”.
Hondakinen kudeaketaren garapen programa Austria, Katalunia eta Italiako prestigio handiko adituek egin duela nabarmendu du diputatuak. Joan Mark Simon, errausketaren kontrako GAIA aliantzako kide da eta Europako Zero Zabor mugimenduaren koordinatzailea; Laia Valenzuela eta Federic Puig, Spora Serveis Ambientals aholkularitza enpresako sortzaile eta zuzendariak; Martin Spiner, Berlingo unibertsitatean ingurumen zientzietan lizentziatua eta hondakinen eta uraren babesean aditua; eta azkenik, Enzo Favoino, Europako Konpostatze Sareko lehendakariordea da eta Italiako Cappanori herriko Zero Zabor ikerketa zentroko batzorde zientifikoko kidea.
Planaren programaren garapena datorren astean aurkeztuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta handik aurrera plana herriz-herriz aurkeztuko dutela aurreratu du Alduntzinek, adituen laguntzarekin. Donostian San Telmo Museoan egingo dute aurkezpena, ekainaren 6an. Bertan izango dira Juan Karlos Alduntzin diputatua eta garapen programa idatzi zuen adietuetako bat, Martin Steiner austriarra.