Springsteen Anoetan izango da zuzenean
Biharko kontzertuan 35.000 zale baino gehiago bilduko dira rock abeslariarekin gozatzeko asmoz
Bruce Springsteen, The Boss ospetsua, Anoetako agertokira igoko da bihar, 21:00etan. Aurreikuspenen arabera, 35.000 jarraitzaile baino gehiago bilduko dira, beraz, ilara luzeak sortuko dira estadioaren inguruan kontzertua baino lehen. Iazko abenduan jarri zituzten sarrerak salgai, egun bakarrean 33.850 sarrera saldu ziren. Aurretik ere izan da Springsteen hirian, 2008ko uztailean, eta arrakasta itzela lortuta berriro itzuliko da. Abesti berriak zein klasikoak tartekatuko ditu, zaleen gozamenerako. New Jerseyko rockero zaharrak Wrecking Ball diskoko kanta berriak aurkeztuko ditu. Sevillan ekin zion Europako birari maiatzaren 13an, hiru orduko ikuskizunarekin.