Alvaro Bilbao: "Zenbait bermerekin lehiatzeko, kirol arloari gutxiengo bitartekoak eman behar dizkiogu"
Alvaro Bilbaok, Lagun Aro GBCko presidente berriak, babesleak bilatzen ari direla nabarmendu du
Postua hartu duenetik, lehen prentsaurrekoa eman du Alvaro Bilbaok, Lagun Aro GBCko presidente berriak. Klubaren egoeraren berri eman zuen atzo Bilbaok, Nekane Arzallus, presidenteordea, ondoan zuela. Hasteko, Bilbaok eskerrak emateari ekin zion: «Azken asteetan klubeko gainontzeko kideengandik jaso dudan babesa eskertu nahi dut, baita nigan izandako konfiantza ere, erronka zoragarri eta zail honi aurre egiteko». Azken batean, klubaren egoera orokorraren berri eman zuen Bilbaok, gizarte arloari garrantzia berezia emanaz.
Klubaren ekonomia egoerari dagokionean, lehenik eta behin aurrekontua ixteko beharra dutela aipatu zuen prensidente berriak. «Sekula ez dugu daukaguna baino gehiago gastatuko». Aurrekontua handitzeko gogoz, deia bidali zien Bilbaok erakundeei. «Dagoeneko Eusko Jaurlaritzarekin itxi dugu akordioa, eta Europan barrena Euskadi izena eramango dugu. Hala ere, Gipuzkoa izena zabaldu nahiko genuke, eta zergatik ez Donostia 2016 ere».
Momentu honetan, 4’7 milioi euro inguruko aurrekontua du GBCk, izan dezaketen aurrekonturik «txikiena» presidentearen hitzetan. «Zenbait bermerekin lehiatzeko, kirol arloari gutxiengo bitartekoak eman behar dizkiogu; ongi baino hobeto optimizatzeko gai direla erakutsi baitute». Taldeak Europan lehiatzeko aukera lortu duela jakina den arren, oraindik ez dakite aurre kanporaketa bat jokatu beharko duten. Edonola ere, babesle berrien bila dabiltzala aipatu zuen Bilbaok, eta bereziki Europako lehiarako beste babesle nagusi bat bilatzen saiatuko direla esan zuen.
Gizarte arloari zuzenduz, jarraitzaileei ere euren babesa eskertu zien Bilbaok. «Oso gertu sentitzen ditugu zaleak; eta ahalik eta azkarren lagunarteekin harremanetan jarri nahiko nuke, beraiek ere euren ekarpena egin dezaten, ideiak emanaz». Gainera, zaleei begira, gogorarazi zuen uztailean urte osoko txartelaren kobraketa egingo dutela, eta iazko prezioak mantentzeko asmoa dutela.
Bilbaok argi utzi zuen aurtengo jokalariak mantendu nahi dituela, hala ere, badaki ez dela batere lan erraza izango. Momentuz, Sito Alonsok taldea zuzentzen jarraituko duela jakina da. Jokalariei dagonienean, lau dituzte lotuta; Jimmy Baron, Raul Neto, Julen Olaizola eta Yaroslav Korolev.
Ez Ramoneda, ez Santos
Miguel Santosen eta Gorka Ramonedaren agintaldien ostean, iritsi da Bilbao. Hiru urte eta erdiz postua bete ostean, aurreko ostiralean utzi zion Ramonedak GBCko presidente izateari; orduan, Bilbaok hartu zuen lekukoa, ordura arte presidenteordea izandakoak. «Klubak hobera egin du ekonomia, gizarte eta erakunde arloetan, baita kirol alorrean. GBC talde errespetatua da ACBn eta erreferentea da Gipuzkoan», adierazi zuen Ramonedak, postua nekearen ondorioz utzi ostean. Aurreko bi presidenteak gogoan izan zituen atzo ere Bilbaok: «Biengandik asko ikasi dut, beraiek euren estiloa izan dute, bata bestearengandik desberdina, eta nik nirea izango dut».
Etorkizunari buruz hitz egin zuen Bilbaok, eta ideia bera berretsi zuen: «Klub zoragarri honetako hirugarren presidentea izango naiz. Nabarmena den bezala, ni ez naiz Gorka Ramoneda, ez naiz Miguel Santos, Alvaro Bilbao naiz, nire berezko estiloarekin. Nire ustez, klubak berak badu bere izateko era, eta etxean bezala sentitzen naiz. Proiektu hau hazten ari den abiaduran baino azkarrago eramaten saiatuko naiz».