Ohiko edukiontzi ereduaren eta garbiguneetako sistemaren arteko konbinazioa proposatu dute arkitektura ikasleek
Sistema “irekia eta malgua” dela adierazi du Iñigo Lizundia Arkitektura Eskolako irakasle eta ikerketa lanaren koordinatzaileak
Etxeko hondakinak biltzeko edukiontzi sistemaren eta atez atekoaren alternatiba izan daitekeen proposamena jarri dute arkitektura ikasleek mahai gainean. EHUko Arkitektura Bioklimatiko ikasgaiko ikasleek egindako ikerketa lanaren planteamendua edukiontzi sistema eta Garbiguneetan izaten den kontrola uztartzean datza, atez atekoak ematen dituen emaitza berberak edo hobeak lortzeko. Sistema “irekia eta malgua” dela adierazi du Iñigo Lizundia Arkitektura Eskolako irakasle eta ikerketa lanaren koordinatzaileak.
Proposamen honekin, beraz, edukiontziak ez lirateke kaleetatik desagertuko. Itxi egingo lirateke eta bertan hondakinak botatzeko ordutegi bat ezarriko litzateke. Zaborra utzi beharreko ordutegietan begirale bat egongo litzateke, beharrezko informazioa eman eta hondakin bereizketa zuzen egin den kontrolatzeko.
Era horretan, bereizten ez den zaborra edo errefusa ahalik eta gehien murriztuko luketela, zehaztu du arkitektura irakasleak. Lizundiak azaldu duenez, egutegirik ez duenez, erosoagoa izan daiteke herritarrentzat eta garbia dela dio, zaborra ez delako etxean ordu luzez gordeta egon behar eta kalean bota bezain laster jasotzen delako.
Hiri edo herri bakoitzeko ezaugarrietara egokitu daiteke azpimarratu du, halaber. Gainera, orain arte hondakin bilketan egindako inbertsio eta azpiegiturak (edukiontziak, bilketa kamioiak…) berrerabiltzeko aukera eskaintzen duela erantsi du Iñigo Lizundiak.
Proposamena nola egoki daitekeen ikusi eta eman ditzakeen emaitzak aztertzeko froga egingo dute Zarautzen.