Egun eta erdi geroago, Etxadi zabalik
Kiroldegiko sei langileren grebak ordu batzuez ateak ixtera behartu ditu Tenis Elkarteko arduradunak.
Ateak itxita eta eraikinaren fatxada pankartez josita. Hala egon zen Etxadiko kiroldegia igandetik atzo arratsaldea arte. Maiatzaren 30etik bertako sei langile greban daude, eta honek, zerbitzua ez ematera behartu zituen Aieteko kiroldegia kudeatzen duten Ondarretako Tenis Elkarteko arduradunak. “Langileak ezin dira ordezkatu, baina instalazioen ardura hartu dutenek, ezin zuten jarraitu. Egoera jasanezina zen. Ezin dute egunean hamalau orduz lan egin, eta egun eta erdiko atsedenaldia hartu zuten”, zehaztu du bere izena eman nahi izan ez duen Elkarteko kudeaketa arduradun batek. Larunbata arte izango dute Etxadiren ardura; igandetik aurrera, berriz, Donostia Kirolakek bere gain hartuko du.
Kontrol falta dela eta, egunotan, ordutegia murriztea eskatu dute, goizeko zazpietatik gaueko hamarrak arte ematen baitute zerbitzua. “Ikastaroek bere horretan jarraitzen dute, eta igerilekua parametro egokien artean dagoen bitartean, erabilgarri izango da”.
Egoeraren sorburua mantenuko eta harrerako hiruna langileren lanuztea da. Udalak zerbitzua zuzenean kudeatzeak sei langile horiek kaleratzea ekarriko du, lan hitzarmenean jasotako subrogatze aukera ez baitu gauzatuko. Ekaitz Oihanguren ELAko Donostiako giza lanen arduradunak gogoratu duenez, Etxadik ateak ireki zituenetik bertan jardun dute, eta kudeaketa aldaketek ez die eragin. “Zerbitzu hori azpikontratatuta egon da beti, eta hori ustiatzen hainbat enpresa izan diren arren, beti subrogatuak izan dira”.
Astelehenetik aurrera, ordea, Etxadiko mantenuaren eta harreraren ardura Donostia Kirolakeko langileek hartuko dute. Hala baieztatu du udal zerbitzuko Marketing eta Herritarren arretarako arduradun Iñaki Iruretagoienak. Iraila arte, gutxienez, larunbatean ateak itxiko dituen Paco Yoldi kiroldegiko langileak bertan jardungo dira. Bien bitartean, hutsik dauden lanpostuak betetzeko Lan Eskaintza Publikoa (LEP) prestatuko dute. “Izapidea ez da oso motza izango. Plazak sortu behar dira, udalbatzatik pasa behar dira, deialdia egin, prozesua hasi… irailerako ez”. Langileen eskaera sortuko diren lanpostu horiek betetzeko ebatzi artean, euren egungo jardunean jarraitzea da. “Ez dugu funtzionario izatea eskatzen. LEPa atera arte kirol patronatuko langile gisa kontratatuak izan daitezela, baizik”, adierazi du langileen ordezkariak.
Salaketa jartzeko prest
Hilaren 16an kaleratuko badituzte ere, langileek euren eskaerari eutsiko diote. “Epaitegietara jo, eta azken unea arte borrokatuko gara subrogatze eskubidearengatik. Udala langileen eskubide bat urratzen ari da, aldeko epaiak eta jurisprudentzia bada. Pena da juridikoki hitz egin behar izatea, filosofikoki, ados gaudenean”, gehitu du Oihangurenek. Halaber, greba eskubidearen urraketa ere salatu zuen langileen ordezkariak. “Hainbat egunetan langile hauen lana egin dute, ordezkatu egin dituzte. Lan Ikuskaritzan salaketak jarri ditugu, legez kanpoko ordezkatzea baita”.
Udalak igandean berreskuratuko du kiroldegiaren kudeaketaren ardura, eta instalazioen atontze lanari ekingo dio. Oihangurenen hitzetan, astelehenean igerilekuak irekitzeko nahia gautzatzea ezinezkoa da. “Bi egunetan igerilekua garbitu, desinfekatatu eta zabaltzea ezinezkoa da. Nola egingo dute? Aste honetan lan egiteko asmoa dute, eta adi egongo gara. Kiroldegia ondo egin arte ezin da zabaldu”. Iruretagoiena dena prest egon arte ez zabaltzearekin bat dator. Ez, ordea, epeei dagokienean. “Zerbitzu teknikoek diote egun bakarrean egin daitekeela. Baldintza guztiak ez balira betetzen ez genuke irekiko. Osasun sailak oniritzia eman behar du, gainera”. Arazoa izatekotan, kanpoko igerilekuetan legoke; baina igandean egingo dituzten mantentze lan eta prestaketekin nahikoa izango dela uste du Iruretagoienak. “Astelehenean dena irekiko dugu”.