Añorga Bizirik taldea zero zabor politikaren alde ari da lanean
Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduak igandean Donostian egingo duen mosaiko erraldoia egiteko deialdiarekin bat egingo du
Añorga Bizirik taldea, auzoko beste eragileekin batera zero zabor politikaren aldeko zenbait pauso ematen ari da. Haien ustez, herri mugimendutik ere hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko pausoak eman daitezke, eta horregatik hainbat ekimen abian jarri dituzte ahalik eta hondakin gutxien sortzeko.
Joan den ostiralean, praktikan jarri zituzten zero zabor politikaren aldeko neurriak. Añorga Eguna ospatu zuten, eta bertan 450 lagunentzako afaria prestatu zuten. Afarian sortutako hondakinak selektiboki jaso eta pertsona bakoitzeko soilik 56 gramo zabor sortzea lortu zuten. Afarian sortutako hondakinen %90 berrerabiltzea eta birziklatzea lortu zuten.
Añorgako festetan, jai batzordearekin elkarlanean, afari eta bazkari guztietan portzelanazko platerak, metalezko kubiertoak, eta edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dira. Hondakinak ere selektiboki jasoko dira, materia organikoa garbi jasotzeko.
Añorga Bizirik taldeak bat egingo du Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduak igandean Donostian egingo duen mosaiko erraldoia egiteko deialdiarekin. Ekimen horren harira, Añorgako gaztetxean, ostiralean, Errausketari ateak ixten dokumentala proiektatuko dute 19:00etan.