Lau mila ikusle baino gehiago erakarri ditu Surfilm Festibal jaialdiak
Joan den igandean amaitu zen Surfilm Festibal jaialdiaren 10. ekitaldia. Antolatzaileen ustez, aurten ere onarpen handia izan du. Mundu eta Europa mailako estreinaldi ugari ikusi ahal izan dira, eta gainera, arreta berezia eman zaie tokian tokiko ekoizpen eta surflariei. Hain zuzen, bertako egileen lanak jaso zituen emanaldirako sarrerak agortu egin ziren. Lehen aldiz Antzoki Zaharra bete egin zela esan dute antolatzaileek.
Emanaldiak Antzoki Zaharrean, Aquariumean eta Guardetxean egin dira, eta ikusleek oso nota altuak eman dizkiete aurkeztutako film gehienei. Ikusle kopurua aurreko urtekoaren oso antzekoa izan da. Jaitsi egin da, ordea, jaialdiak antolatutako jarduera paraleloetako ikusleak: “Gehienbat, aurtengo aurrekontu-murrizketak direla eta, ezin izan direlako antolatu iaz jende asko erakarri zuen hainbat ekitaldi. Aurten, adibidez, kaleko erakusketa bakarra antolatu da, Surfilm Festibaila gau bakarra Gazteszenan, eta ez da iaz Antiguoko Frontoian egin zen zinema eta musika saioa antolatu”
Antzoki Zaharreko emanaldietara 1.462 ikusle bertaratu dira; 980 Aquariumean egindako 6 saioetara; eta 200 Guardetxeko zinema, musika eta gastronomiako saiora. Horrela, Surfilm Festibaleko zinema-emanaldiek 2.642 ikusle erakarri dituzte guztira (iaz 2.721). Guztira, 4.017 ikuslek parte hartu dute Surfilm Festibalaren 10. ekitaldian.