Restaurant Week ekimenean ia 800 lagunek parte hartu dute
Bertako gastronomiaz 25 eurogatik gozatzeko eskaintza urtean hirutan bultzatzeko asmoa dute
Maiatzaren 21ean jarri zuten Restaurant Week ekimena abian. Bi astez bertako gastronomia ohi baino prezio hobean dastatzeko aukera eskaini zuten eta askok ez zioten gutizia horri ihes egiten utzi. Donostia Turismok jaso dituen datuen arabera, 774 lagunek parte hartu dute ekimenean. Gipuzkoa osoko jatetxeetara zabaldutako ekimena izan bazen ere, menu bereziok eskaintzen zituzten 16 jatetxeetatik hamar ziren donostiarrak. Era horretan, Restaurant Week zale gehienak hiriko jatetxeetan elkartu ziren, 728, denera.
Ekimenaren estreineko aldia izanik, «oso harrena ona» izan duela azpimarratu dute Donostia Turismoko arduradunek. Oro har, jatetxeek bi aste horietan Restaurant Week ekimenari eskaini dizkioten mahai eta lekuak bete dituztela zehaztu dute. Hala, garestiak diren ustea zabalduta dagoelako-edo, herritar askok ez zuten jatetxe batzuetara sartzeko asmorik izango. Restaurant Week uste hori ezabatzeko baliatu dutela gaineratu dute.
Maiatzaren 21etik ekainaren 3ra bitarteko eskaintzan parte hartu ez dutenek udazkenean izango dute parte hartzeko aukera, errepikatzeko asmoa dutelako. Donostia Turismoko arduradunen arabera, urtean hirutan sustatu nahi dute ekimena: udaberrian, udazkenean eta neguan. Datorren udazkenekoak, gainera, oraingoak baino indar handiagoa izango du, ekimenak izan duen harrera onak erakarrita, hainbat jatetxek egin dutelako parte hartzeko eskaera.
Jatetxeetan, pozik
Jatetxe askorentzat bezero berriak lortzeko amu izan baita. Restaurant Week-az gozatu ondoren, eskaintza bukatuta zegoela, batzuk errepikatu egin dutela azpimarratu du Ni neu jatetxeko saltzaileak, Maria Mesak. Ehun lagun baino gehiago hurbildu dira proposamenak erakarrita Ni Neu jatetxera. Ohiko menua bi aste horietan eskainitakoa baino «euro bat, bi euro» garestitxeagoa dela dio Ni Neukoak; ekimenak, beraz, jatetxeko menua ezagutu eta urteko gainontzeko egunetan joateko aukera zabaldu duela adierazi du.
Bodegon Alejandron ere lan handia egin dutela diote. Restaurant Week-ak erakarrita 120 bat laguni eman diete jaten; horietatik oso zapore onarekin atera denik badago, «aste berean bitan errepikatu du batek», dio jantokiko arduradunak, Zuria Hoyosek. Bertako nahiz atzerritarrekin egin dute lan. Ezagutu ez edota aspaldi joan ez zen bezero ugari hurbildu dela esan du.
Bi astez, Restaurant Week ekimenaren baitan, lau bazkari eta lau afari eskaini dituzte eta egunero bete egin dutela azaldu du Astelena jatetxeko Ander Gonzalezek. Euskal Herria kaleko jatetxera 80 bat lagun hurbildu dira, bertako asko eta, turismo bulegoan jasotako esku orriari kasu eginez, atzerritar ugari. Udazkenean errepikatzeko gogoa dutela adierazi du jatetxeko arduradunak. Ordurako eskaerak webgune bidez egiteko aukerak arazorik ez izatea nahiko luke, azkenean telefonoz bideratu behar izan zituztelako eskaerak.