Aldundiak pobrezia erreala neurtuko du urtero
Egokitutako galdetegi baten bidez aztertuko dute, eta lehen emaitzak urte amaierarako izatea aurreikusi dute.
Gipuzkoako pobrezia maila erreala ezagutzeko tresna osatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Baliabide gutxien dituzten pertsonak zein egoeratan dauden urtero jakiteko eta gipuzkoarren bizi kalitatearen bilakaeraren berri izateko sortuko dute. Izan ere, halakoen berri izatea ezinbestekotzat jo zuen Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek, “are gehiago langabezian lagun asko utzi duen sistemaren krisiarekin”.
Orain arte pobrezia erreala eta honen garapena neurtzeko tresnarik ez zen. Alor geografiko handiagoko edo maiztasun eskaseko estimatzeak besterik ez. Esaterako, Eustatek lau urtean behin egiten duena edo Caritasek alor batzuk aintzat hartuta urtero egiten duena.
Neurgailua alor honetan diharduten gizarte erakundeekin lankidetzan diseinatuko du Aldundiak. Galdera sorta izango da, eta urtean behin Gipuzkoako 1.200 etxebizitzetan egingo dute. Hurrengo urtean, parte hartu dutenen erdiak errepikatu egingo dute, ikerketaren luzerako ezaugarria mantentzeko. Errealitate anitzak islatzeko; baliabide ekonomikoen gabezia aldagai izateaz gain, gizarte bazterkeriarekin lotura duten beste alderdi batzuk ere kontuan hartuko ditu. Hala nola, osasuna, gizarte harremanak, parte hartzea… “Horri esker, ikuspegi osoago batekin helduko diogu fenomenoari”, adierazi zuen Rodriguezek.
Tresna berriak 93.220 euroko inbertsioa izango du, eta horren esleipena aste honetan bertan egingo dute. Datozen hilabeteetan prest egotea espero dute, eta lehen emaitzak urte amaierarako izatea aurreikusi zuen Rodriguezek. Neurketan bildutako datu horiek Batzar Nagusien eskura jarriko dituzte Pobretutako pertsonen inguruko ponentzian aztertu ditzaten. Ponentzia astelehenean onartu zuten eta uda ondoren sortuko da. “Oinarrizkoa da lurraldeko parlamentuaren inplikazioa arazo hau konpontzeko. Pobreziaz hitz egiten hastea, eta honi aurre egiteko moduak eztabaidatzea”, gehitu zuen Gizarte Politikako diputatuak.