Eskoletan energia alferrik ez galtzeko neurriak hartuko dituzte udan
213.000 euroko inbertsioa egingo du udalak; hamalau eraikinetan egingo dituzte lanak
Behar dugun energia ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eginez lortzeko oraindik ere bide luzea dugu aurretik. Pixkanaka, ordea, ari dira pausoak ematen eta horien guztien berri ematen ari dira egunotan, Energiaren Astearen baitan antolatzen ari diren ekimenetan. Dena den, herritarrak sentsibilizatzeko ekintzez gain, udalak erakin publikoetako energia alferrik ez galtzeko neurriak ezarriko ditu ondorengo hilabeteetan. Udan 14 ikastetxeetan energia aurrezten lagunduko duten lanak (bonbilak eta leiho berriak jarri, eraikina isolatu…) egingo ditu udalak. Mendiola, Herrera, Biteri, Amassorrain, Ikasbide, Loiola, Martutene, Amara Berri, Ibai, Larratxo, Ategorrieta, Jakintza eta Aitor dira aukeratutako eraikinak eta, guztira, 213.000 euroko inbertsioa egingo dute.
Ez da, ordea, iraunkortasunaren alde hirian hartzen den lehenengo neurria. Zuhaiztin, esaterako, hiriko kiroldegi gehientsuenetan bezala, ura eguzki energiaz berotzen dute. Suhiltzaile parkeko berotasuna, berriz, geotermia bidez –lurretik jasotako berotasuna– lortzen dute. Bi adibide horiek ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte gaur arratsalderako eta bihar goizerako. Bisitaldietan parte hartzeko Energiarenegunak.com web atarian edo 943-483390 telefonoan eman behar izen.
Gaur gauean, gainera, 22:30ean, San Telmo museoko aurrealdea energia berriztagarriz sortutako energiarekin argituko dute. Gazteizen, udaletxeko aurrealdea eta, Bilbon, Arriaga antzokia argituko dute.
Energiaren udal bulegoa
Jardueraz beteriko astea amaituta, energia eraginkortasuna lortzea helburu duen energiaren udal bulegoak lanean jarraituko du. Hala, udan hiriko ikastetxeetan energia aurrezteko neurriak hartzearekin batera, jabetza pribatua den bestelako etxebizitzak energetikoki eraginkorragoak izateko pausoak emango dituzte, halaber. Duela bi urte 60-70. hamarkadatan eraikitako etxeen energia kontsumo eta galerak neurtzeko Bidebietako eta Amarako eraikin banatan egin zituzten azterketak. Egun, berokuntza zentrala duen Amarako eraikin batean neurgailuak jarri dituzte eta igaro berri den neguan eta hurrengoan pilatuko dituzten datuekin neurgailuek energia aurrezteko balio izan duten ala ez ikusiko dute.