Baloia, astearen ardatza
Lagun Aro Gipuzkoa Basket taldeko Javi Salgado jokalariaren izena daraman ekimena, funtsean, saskibaloi udalekua da. Horrek esan nahi du bertan egiten diren gauza gehienek kirol horrekin zerikusia dutela. Aitor Uriondo campuseko arduradunak azaldu duenez, «ingeles eskoletan ere, esaterako, entrenamenduetako gauzak hizkuntza horretan esaten irakasten diegu». Haurrek horrelako gauzak ikastea gustuko dute. «Iaz hasi ginen ingelesarekin, eta beraiek eskatuta jarraitu dugu aurten». Asko dira urtetik urtera errepikatzen dutenak. Plastikari ematen dioten tartean ere kirola dute inspirazio iturri; hala, eskulan gehienetan azaltzen dira baloiak, jokalariak edo saskiak.
Ingeles eskolak baino nahiago dituzte Badalonako Joventut taldeko Jose Angel Samaniegorekin egiten dituzten entrenamenduak. Hori da, behintzat, Jon Vicente errenteriarraren kasua. «Sama-ren entrenamenduak dira gehien gustatzen zaidana; nahiz eta eguna leher eginda eta gosez bukatzen dudan!».
Uriondoren arabera, Vicentek deskribatutako egoerarekin pozik daude 6 eta 16 urteko 140 haurren gurasoak. «Egun osoa hemen eman ondoren, etxera neka-neka eginda iristen direla diote, afaldu eta ohera joaten dira». Saskibaloia ardatza izanik ere, beste urteetan bezala, gauza ugari egiten dituzte egunean zehar; izan ere, 09:00etatik 18:00etara gauza asko egiteko denbora baitago. «Ekintza ikastolako instalazioak oso onak dira horrelako gauzetarako. Esaterako, hemengo jangelari esker bazkaria ere ematen diegu».
Aurtengo berrikuntza, ordea, teknifikazio eskolak izan dira. Hain zuzen ere, campuseko ikasle zaharrenek eta campusean parte hartzen ez duten beste gazte batzuek saski baloi dohainak are gehiago fintzeko aukera izan dute 18:00etatik 20:00etara. Honi guztiari gaur emango diote bukaera; baina, Uriondok aurreratu duenez, datorren urtean bertan berriro egoteko asmoa dute.