Gazte talde bat, Igeldoren alde topa egiten; Nerea Lizarralde -eskuinetik hirugarrena- eta Mikel Olasagasti -eskuinetik lehenengoa-, tartean. (Argazkia: Mikel Goñi)
Udalerri bihurtzeak urtetan asetu gabeko hainbat beharrei erantzuten lagunduko lukeela uste dute igeldotar askok. Hori horren argi ez dutenak ere badaude; udala mantentzeko Igeldok behar beste diru iturririk ez lukeela izango diotenak, alegia.
Hemezortzi urte beteko dira 1994. urteko azaroaren 27an, Donostiatik banatu ala ez, Igeldon herri galdeketa egin zutenetik. 702 biztanle zituen Igeldok orduan eta 467 lagunek parte hartu zuten galdeketan. Guztira, 286 lagun (%59) desanexioaren alde azaldu ziren. Hemezortzi urteren ostean, Igeldok mila biztanletik gora du eta udalerri bihurtzeko gogo eta nahiak bizirik jarraitzen du.
«Herri entitatea mantentzea beharrezkoa» dela azaldu du Aitziber Alzua igeldotar gazteak. Argi dago, Igeldoren eta Donostiako beste txoko batzuen izaeraren artean aldea badagoela eta bukatu berri diren San Pedro jaien egitarauan ikusi besterik ez dago. «Hemengo giroa ezin duzu Donostiakoarekin alderatu», nabarmendu du Mikel Olasagasti gazteak. San Pedro eguna horren erakusgarri. Jaien egun handian, meza nagusiaren ondoren, hamaiketakoan elkartu ziren belaunaldi desberdinetako igeldotarrak Itsas Aurre elkartean; Aitziber Alzua eta Mikel Olasagasti, tarteko. Txorizo eta saldarekin barrena berotu ondoren, herri kirol erakustaldi eta saio eskaintza mamitsuaz gozatzeko aukera izan zuten.
Jai giroaz profitatzeko Donostiako bizigune batean ala bestean izan dezaketen modu desberdinaz gain, Igeldok eta Donostiak interes desberdinak dituztela azpimarratu du Alzuak: «Donostiak lehen bazituen Igeldon eraikitzeko proiektu batzuk mahai gainean, bertan nahi ez ditugunak». Donostiak izan dezakeen lursail beharra dela eta, udalaren jarrera ulertzen duela azaldu du Ramoni Arrillagak: «Donostiari Igeldo kenduz gero, gauza gutxi geratzen zaio». Arrillagak, ordea, haiek beren interesen alde egin behar dutela argitu du eta haien interesak defendatzeko eurek Igeldo kudeatu ahal izatea ezinbestekoa dela uste du. Borroka horretan 1989tik batera eta bestera ibili dela zehaztu du igeldotarrak. «Agindu bai, baina bete gutxi bete dute», azaldu du.
Oinarrizko premiak
«Ondo eta lasai bizitzeko oinarrizko baliabideak» besterik ez dituztela behar erantzun du Nerea Lizarralde Herri Kontseiluko ordezkari gazteak. «Errepidea, espaloia… Donostiako beste auzo guztietan dauden azpiegiturak guk ez dauzkagu», adierazi du. «Herritik kanpinera joateko errepidetik joan behar duzu Igeldon; beste auzoetan, berriz, ez dago errepide nagusirik espaloirik gabe».
Kiroldegirik ez dutela eskatzen azpimarratu du, «oso oinarrizkoak diren gauzak» baizik: «Errepide guztia asfaltatu zen azkeneko aldia 1974an izan zen, ordutik adabakiak besterik ez dituzte jarri; espaloia jartzeko eskatzen ere 1997tik ari gara. Odon Elorzak lehenengo harria jarriko zuela esan zuen, baina zain gaude oraindik», kontatu du. Herriko sarrerako bidegurutzearen adibidearekin jarraitu du Lizarraldek: «Sarrerako bidegurutzea aldatu egin zuten, baina irteera oso txarra zuen eta hamaika bider egin genuen ispilua jartzeko eskaera. Herritar batek hil behar izan du moto istripu batean, neurriak hartzeko».
Kasurik ez dietela egiten ondorioztatu du gazteak. Alkate igeldotarra –Juan Karlos Izagirre alkatea Igeldokoa da– izateak, gainera, ez du uste egoerari buelta ematen lagundu duenik. «Are okerragoa» dela zehaztu du. Gazte igeldotarraren iritziz, Igeldo hitza azaltzen den bakoitzean oposizioko taldeak ados jartzen dira. «Lehen zerrendan azkenak ginen; orain, azkenak izaten jarraitzen dugu eta lausota agertzen da gure izena, gainera», plazaratu du.
Pilar Arrillagak, honenbestez, argi du bertatik kudeatuta hobeto legokeela Igeldo. «Udaletxeak hemendik diru asko eramaten du; izan ere, zergak Askatasunaren hiribidean biziko bagina bezala ordaintzen ditugu. Independente izanez gero, ordea, diru hori bertan geratuko litzateke», aditzera eman du 76 urteko igeldotarrak.
Diru sarrerak
Hain justu, udalerri bihurtuta Igeldok izango lukeen diru sarrera gabezian ikusten du Lupe Martiarenak hutsunea. San Pedro egunez jaioterrira joaten da urtero Martiarena eta aurten ere ez du hutsik egin. Udalerri bihurtu bai, baina mantendu egin behar dela ohartarazi du. Igeldok industriarik ez duela-eta udalak diru sarrerak nola eta nondik eskuratuko lituzkeen zalantza ugari dituela aditzera eman du Urnietan bizi den igeldotarrak. «Bizpahiru taberna daude eta hortik udaletxea mantentzeko adina lortzea zaila da», esan du.
Ostiralean Itsas Aurre elkartean hamaiketako hartzen ari zen 73 urteko igeldotarrak ere enpresa handirik gabe udalerria aurrera ateratzeko diru iturri nahikorik lortzea zail ikusten du. Udalerri bihurtzearen aldekoen eta kontrakoen artean bereizketa nabarmena egin du, era berean. «50 urtetik beherakoak aldekoak dira, 50 urtetik gorakoak, berriz, kontra daude». Donostiatik bananduta zerbitzu publiko ugari ezbaian geratuko liratekeela erantsi du. «Donostiatik igotzen dira kaleak garbitzera, herria balitz nork garbituko luke?», galdetu du.
Josune Sorondo ez da diru sarreren baitan egon litezkeen galeren beldur. Gipuzkoak Igeldo baino txikiagoak diren herri mordoa dituela azaldu du: Belauntza, Leaburu, Gaztelu… Belauntzak, esaterako, 300 herritar dituela eta herria «garbi-garbi eta txukuna» dutela dio. Herri horietako askotan industriarik ez dagoela gaineratu du. Igeldon, gainera, industriarik ez baina nekazal etxeak, hotelak, jatetxeak, tabernak eta beste hainbat zerbitzu enpresa daudela azpimarratu du.