Herri mugimenduek egiten duten lana kontsulta daiteke udalaren webgunean
Udalari iradokizunak egin eta kexak helarazteko herritarren postontziko atala berritu dute, besteak beste
Udal webgunea pixkanaka ari dira berritzen. Lehenengoan udal zinegotzi eta konfiantzazko karguen curriculumak, soldatak eta beste hainbat xehetasun eskaintzeko informazioa jarri zuten udal atarian eskuragarri. Oraingoan, Herri Partaidetzako sailean egin dituzte berrikuntzak. «Gardentasuna» ardatz hartuta, webgune «praktikoagoa eta erabilgarriagoa» egin dutela adierazi du Axier Jaka Herri Partaidetza zinegotziak. Hortaz, udalak herritarren partaidetza sustatzeko hartzen dituen neurrien berri ematearekin batera, webgune berrituan herri mugimenduek (auzo elkarteek, eragileek…) egiten duten lana agerian uzteko leihoa izango da.
Bizigune bakoitzean garatzen ari diren partaidetza egitasmoen inguruko xehetasunak eta gizarte mugimenduek egiten duten lana zabaltzeko tresna izango da, beraz. Besteren artean, elkarteen jardueren berri emateko agenda bat prestatu dute. Horrekin batera, Herritarren plaza izeneko atala sortu dute. Blog bat da eta partaidetzaren inguruan ematen diren pausoen inguruan idatzi eta iritziak trukatzeko eremua izango da.
Herri Partaidetza sailak, era berean, udalari iradokizunak egin edota kexak helarazteko webgunean dagoen Herritarren postontzia izeneko atala berritu du. Adierazi beharrekoa adierazteko, orain, «errazagoa» izango dela argitu du Axier Jaka zinegotziak.