Vasco de Camping elkartearen egoitza, Prim kalean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hilabeteetako lanaren ostean, Vasco de Camping mendi elkarteak egoitza berria ireki du hiriaren erdigunean, Prim kalean; 350 metro koadro ditu, eta helburu berriak lortzen lagunduko dio mendi elkarteari.
Bete du helburua Vasco de Camping elkarteak, egoitza berria prest dauka. Agur esan dio mendi elkarte ezagunak Groseko egoitzari, eta hiriaren erdigunean kokatu da, Prim kalean hain justu ere. Udalarekin lortutako akordioari esker, 350 metro koadroko etxea du orain klubak, bazkide guztien gozamenerako. Zehazki, ekainaren 15ean zabaldu zituen ateak ofizialki egoitza berriak. Hamabost hilabete inguru daramatza elkarteko presidente postuan Txema Garaik (Erdialdea, 1962), eta bera izan zen irekiera egunean hitza hartu zuena. «Mendian maiz gailurra ikusten dugu, eta oraingoan bazirudien ez genuela inoiz zapalduko», aipatu zuen Garaik. Izan ere, goitik beherako lanak egin behar izan dituzte egoitza erabiltzeko moduan jartzeko; eta kontuak buruhausteren bat edo beste sortu badie ere, oso pozik daude emaitzarekin. «Orain lokalari falta zaion kolorea bazkideek ematea espero dugu», gehitu zuen Garaik. Hiru hilabetez lan eta lan aritu ostean, hainbat abantaila izango ditu klubak egoitza berriari esker, eta Irutxuloko Hitzak horren inguruan sakon hitz egiteko aukera izan du Garairekin.
Bai Garaik bai zuzendaritzako gainontzeko kideek ere, argi zuten leku erosoa eta irekia eratu nahi zutela. «Edozein donostiar beldurrik gabe bertaratzeko moduko egoitza prestatu dugu. Sartu eta ezkerretara idazkaritza jarri dugu, eta bi idazkari egongo dira bertan lanean. Ondoan, liburutegia eta erakusketa aretoa daude, elkarrekin lotuta. Atzerago, bazkideentzako gela batzuk daude, bazkideak lasai egoteko. Beheko solairuan, berriz, areto handi bat dugu, proiekzioak ikusteko, eta tailerrak emateko. Beheko solairua gazteenentzako tokia izatea ere nahi dugu, horretarako mahai-teniserako mahaia ere jarri dugu».
Hori guztia kontuan izanik, orain arte antolatutakoak baino ekimen gehiago egiteko asmoa du klubak, eta baldintza hobeekin, noski.«Proiekzioak, tailerrak eta ikastaroak egin nahi ditugu, mendizaleek ikasteko GPSak erabiltzen eta mapak ongi irakurtzen. Hala, mendira joateko ziurtasuna bermatuko diegu», azaldu du Garaik. Horretaz gain, mendizale gazteak harrapatzea izango da klubaren helburuetako bat, eta horri begira ere lanean ari dira. «Gazteek gure proiektuarekin jarraitzea nahi dugu. Badira 12 urte haurrekin lanean ari garela, eta halako lokal bat erakargarria egingo zaie. Mendi giroan egoteko aukera izango dute».
Txema Garai, Vasco de Camping elkarteko presidentea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
«Kokapen zoragarria»
Garaik ez du zalantzarik, egoitza berriaren kokapena «zoragarria» dela dio. «Kokapena zoragarria da, hiriaren erdigunean gaude, errepidearen ondoan, eta ibaira begira, leku lasaia da. Udalari emandako bultzakada eskertu nahi diogu, behar genuela egia da, eta hitzarmen polita sinatu dugu. Mendi munduari mesede egingo dio, donostiar guztiontzako tokia baita».
Ordutegia ere zabaltzeko asmoa dute. «Klubak momentuz, lehen bezala jarraituko du, 16:00etatik 20:00etara irekitzen. Hala ere, bazkideren batek ibilbideren bat prestatzeko edo antzeko zerbaitetarako erabili nahi badu, erabiltzea izango du. Larunbat batzuetan ere irekitzeko asmoa dugu, haurrekin jarduerak egiteko».
Lorpen handia izan da klubarentzat inondik inora, eta egoitzak merezi duen maila ematen saiatuko dira. «Amets hori genuen eta ez genuen espero hain azkar ukitzea. Garbi genuen beste lokal bat behar genuela, baina nola lor genezakeen jakitea zaila zen. Iritsitako aukera hartu dugu, eta argi dago aukera ona izan dela».
Oraindik ere badute zer egina elkarteko arduradunek, baliabideak badituzten arren, oraingo erronka, aipatutako guztia betetzea izango baita. «Konturatzen ari gara handitzen ari garela, ez kantitatean, kalitatean baizik. Kalitatea falta zitzaigun, eta lortu dugu».
Javier Minaren erakusketa
Toki zabala eta ederra dute orain Vasco de Campingekoek euren ohiturarekin jarraitzeko. Hau da, argazki eta bestelakoen erakusketak jartzeko. Egoitza berriari irekiera eman diona, bertako bazkide bat izan da. Javier Minak bere abilezia erakutsi nahi izan du, elementu txikiekin osatutako paisaiekin, eta koadroekin. Batetik, mendiak eta arrokak irudikatu ditu Minak, eskultura moduko pieza txikietan, eta bertan, mendizaleak eta eskalatzaileak jarri ditu. Horretaz gain, koadro koloretsuak ere osatu ditu. Gainera, klubarekin eskuzabala izatea erabaki du Minak, eta eskultura txiki bat oparitu dio, betirako egoitzan gera dadin. Hori bai, baldintzatxo bat jarri du, «ez dadila hautsez bete».