Nazioarteko futbola, berriro Donostian
Asteburuan hirian barrena kanpoko futbolari gazte taldeak ikusi ahal izan baziren ere, atzo hasi ziren Donosti Cup txapelketako partidak. Besteak beste, Bidebietako Cesar Benito zelaiko partidetan lehena Hernani eta Talavera de la Reina (Toledo) 13 urte azpiko taldeena izan zen.
Jokalariek berdegunean ari ziren bitartean, guraso ugari zegoen harmailetan zein jokalekuaren inguruan. Talavera de la Reinako Carmen Hernandez ama pozik zegoen semea «oso ondo» ari zelako jokatzen, eta antolatzaileek kirolarientzat prestatutako guneak oso onak iruditu zitzaizkiolako. «Atzo –igandean– iritsi ginen eta berak ikastetxe batean egin du lo, taldekideekin. Gainera izotz jauregira eraman zituzten haur guztiak Eurokoparen finala ikustera!».
Gutxi gora-behera ordu berean, baina Groseko San Ignazio ikastetxean, partida bat jokatzen ari ziren 10 urte azpiko Talavera de la Reina eta Azpeitiko Lagun Onak taldeetako haurrak. Ondoko zelaian, berriz, Irungo Artia kirol elkarteko neskak Frantziako Metz ESAP taldearen kontra ari ziren 12 urte baino gazteagoen kategorian.
Antzeko irudiak izan ziren hiriko futbol zelai ugaritan, hau da, munduko hainbat tokitako neskak eta mutilak futbolean jokatzen. Argentinako Tucumandik iritsitako CEF kirol elkarteko hiru taldeek ia ehun pertsona mugiarazi dituzte Donostiara. «Guraso, antolatzaile eta jokalarien artean 97 lagun gara», azaldu zuen Mario Brandan aitak. Haue ere pozik zegoen bertan ikusitako antolakuntza eta kirol mailarekin.
Brandanen ondoan zegoen bigarren aldiz berdegunera salto egiteko zain zegoen 10 urteko Eugenio Aguero jokalaria. «Asko gustatu zait lehen jokatzea belarra bigun biguna zegoelako; hala ere gehien gustatzen zaidana klasera joan behar ez izatea da, Argentinan eskola garaia delako».
Haurraren hitzei ez entzunarenak egin, eta Brandanek hitz egiten segitu zuen. «Urteren batean Donosti Cup irabazi genuen, eta aurten hori errepikatzeko asmoz etorri gara». Bakoitzari berea.