Konpresore makina hondatu egin da, eta ke asko atera da Tabakaleratik. Beste makina bat lortu dute, eta berritze lanekin aurrera jarraitu dute, normaltasun osoz. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Tabakaleran, konpresore batean egondako leherketa batek Egiako bizilagunak izutu egin ditu gaur goizean. Makina hondatu egin da, eta zarata handia egin du. Gainera, ke asko atera da. Egiako pasabidetik gertu dagoen eremuan gertatu da, goizeko bederatziak aldera. Langileek konpresorea bera gelditu dutenean, egoera normaltasunera bueltatu da. Ordubetean beste makina bat lortu dute. Hura aldatu, eta lanean jarraitu dute, normaltasun osoz.
Keak, ordea, ez du zauriturik eragin, eta makina hondatu izanak ez du beste kalte materialik ekarri. Suhiltzaileak joan dira bertara, baina ez dute lanik egin behar izan. Tabakalerako eraikina berritze lanetan murgilduta dago.
Goizeko bederatziak aldera gertatu da, lekukoek Irutxuloko Hitzari azaldutakoaren arabera. Leherketa, garrantzitsua baino, ikusgarria izan da. Ke asko atera da, eta zarata handia eragin du istripuak. Hortaz, bertako bizilagunak beldurtu egin dira eta alarma sortu da.