Donostiako NAN bulegoko bi langile epaituko dituzte, dirua bidegabe eskuratu dutelakoan
Fiskalak bere akusazioan azaldu duenez, nortasun agiria eta pasaportea egiterakoan ordaintzen diren tasen dirua jasotzen zuten bi langileek egunaren bukaeran. Beharrezko izapide eta tramiteak egin ondoren, hurrengo egunean bankura eramaten zuten. Fiskalaren arabera, 2009an bi langileak elkar hartuta dirua atzerapenarekin ingresatzen hasi ziren. Batzuetan hilabeteko atzerapenarekin. Ondoren, manipulatu egiten zituzten ordainketako dokumentuak. Dirua jaso eta bankuan sartu bitartean nahierara erabiltzen zuten dirua. 2009an kontabilitateko desfasea 30.000 euroraino iritsi zen. Azaroan itzuli zituzten. Fiskalak halere oraindik 29.000 euro itzuli behar dituztela dio. Herri epaimahai batekin egingo dute nortasun agiri nazionalaren bulegoko bi langileen aurkako epaiketa. Fiskalak sei urteko kartzela zigorra eskatzen du bakoitzarentzat.