Pacific Boychoir Akademia Donostian ariko da bihar
Kaliforniako taldeak kontzertua eskainiko du hiriko Orfeoi Txikirekin batera, Kaputxinoen elizan
Orfeoi Txikik eta Kaliforniako Pacific Boychoir Akademiak kontzertua emango dute bihar, 20:30ean, Kaputxinoen elizan. Kaliforniako koru talde entzutetsuak bere zazpi koroetan guztira 175 gaztetxo ditu, eta Orfeoi Txikirekin batera emanaldi bat egin nahi izan du Estatuan egiten ari den biran. Biharko kontzertuan, kantu herrikoi bat eskainiko dute batera, Xalbadorren heriotzean, ondoren koru bakoitzak zenbait abesti eskainiko ditu. Zehazki, Orfeoi Txikik Isabel Mantecon eta Esteban Urzelai zuzendaritzapean zazpi abesti eskainiko ditu. Kaliforniako abesbatzak, berriz, hamaika kantu interpretatuko ditu.
Kaliforniako Pacific Boychoir Akademia nazioartean ezaguna da, duen soinu aberatsagatik, musikaltasunagatik, fraseatzeagatik eta bakarlariengatik. Bere errepertorioan era askotako lan eta konpositoreak daude eta birak egin ditu Amerika guztian, Ozeanian, Afrikan, Asian eta Europan. Malherren Hirugarren Sinfonia grabatu zuen San Frantziskoko Sinfonikoarekin, eta Grammya irabazi zuen album klasikorik onenaren sarian, 2004ko otsailean.