Jazzaldiak Pierre Lafont omenduko du ohorezko sariarekin
Pierre Pedro Lafont joan den uztailaren 3an zendu zen Donibane Lohitzunen. Frantziako hego-mendebaldeko Hot Clubeko delegatua zen neurrian, gogo handiz lagundu zuen, trukean ezer jaso gabe, Donostiako Nazioarteko Jazzaldiko lehen ekitaldiak programatzen. Donostiako Jazzaldiak ohorezko saria emango dio aurtengo ekitaldian. Bere alargunak, Francette Lafont-ek jasoko du. Ekitaldia Trinitate Plazan egingo da Marc Riboten kontzertuaren aurretik, uztailaren 20an, 21:00etan. Jazz tradizionalaren zale sutsua zen Lafont, eta jazzaren urrezko garaiko musikari askoren laguna, gainera. Bere prestigioa erabili zuen horiek Donostiara etor zitezen, antolakuntzarentzako baldintza ekonomiko eskuragarrietan, izan ere, garai haietan jaialdia oraindik ia ezezaguna zen. 1994tik, Heineken Jazzaldiak Donostiako Jazzaldia Saria ematen die jazz munduko figura aipagarriei edo jaialdiarekin harremana izan duten pertsonei. Aurrez, 2005ean, beste “In Memoriam” sari bat eskaini zuen. Charles Mingusentzat izan zen, eta orduz geroztik plaka dauka Trinitate Plazan bere alargunak, Sue Mingusek, inauguratua.