Lore saltzaile izatetik, dama izatera
Jaime Azpilikueta donostiarrak zuzendutako ‘My Fair Lady’ Viktoria Eugenian taularatuko dute
Ikuskizuna
My Fair Lady musikalak bira egiteari ekin dio, eta 20 hiri baino gehiagotatik igaroko da. Donostian abuztuaren 1etik 5era izango du geltokia, Viktoria Eugenia Antzokian, eta zortzi emanaldi eskainiko dituzte. Jaime Azpilikueta donostiarra da ikuskizunaren zuzendaria, eta azken urteetan Madrilen bizi den arren, harro dago Donostiara lan horrekin etortzeaz; «My Fair Ladyrekin itzultzea oso polita da niretzako, eta poz handiarekin biziko dut», adierazi zuen Azpilikuetak. Komedia antzerki klasikoa dela azaldu zuen zuzendariak, eta gizartean sortzen diren mailen arteko liskarrez hitz egiten duela. «Antzokiko eserlekuan jarri, oihala altxatzen ikusi, eta gertatuko denaz gozatzeak mereziko du», ziurtatu zuen.
Zehazki, Bernard Shawen Pigmalion antzezlanean oinarritua dago obra, eta ikuskizuneko musika zein ahotsa zuzenekoak izango dira. Elisa Doolittle lore saltzailea da istorioko protagonista, eta Paloma San Basilio aktorea sartuko da bere larruan. Doolittle baztertu egingo dute XX. mende hasierako Londresen, bere itxuragatik; baina hizkera eskola batzuk jaso ondoren, goi mailako guztiei printzesa bat dela sinistaraziko die. Zehazki, Henry Higgins hizkuntzalariak lagunduko dio bere egoera hobetzen andereinoari. Pickering koronelarekin egindako apostu baten ondorioz, sei hilabeteren buruan, Doolittle embaxada bateko dantza jaialdi batean sartzea lortuko du.
My Fair Lady lehen aldiz Broadwayn estreinatu zuten, 1956an; eta bere garaiko musikalik txalotuena eta arrakastatsuena izan zen. Donostiara datorren bertsioa, ordea, 2001ean Madrilen estreinatu zuten, eta lehen urteetan 700.000 ikusle izan zituen, marka guztiak hautsiz.
Kritika oso onak
Zuzendariaren hitzetan, meritua ez da berak musikala gogoko izateak, jendeak gozatu izanak baizik. «Musikalera etortzen den norbaitek ez badu gogoko, nirekin hitz egin dezala, mesedez», aipatu zuen Azpilikuetak. Ongi baitaki zuzendariak, egon diren toki guztietan oso kritika onak jaso dituztela adituen aldetik. Oraingoan ere hutsik ez egitea espero dute.
- Zer. My Fair Lady musikala.
- Aktore nagusiak. Paloma San Basilio (Elisa Doolittle), Juan Gea(Henry Higgins) eta Joan Crosas (Alfred P. Doolittle)
- Noiz. Abuztuaren 1etik 5era, zortzi emanaldi: 1ean, 20:30ean; 2an, 20:30ean; 3an, 18:30ean eta 22:30ean; 4an, 18:30ean eta 22:30ean; 5ean, 17:00etan eta 21:00etan.
- Non. Viktoria Eugenia Antzokian.
- Sarrerak. 55, 50 eta 40 eurotan daude salgai.