Etxerat-ek gaixotasun larriak dituzten presoei buruzko 'Gaitz isilduak' dokumentala aurkeztu du, Koldo Mitxelenan
Gaitz isilduak dokumentala aurkeztu du Etxerat-ek eguerdian, Koldo Mitxelena Kulturunean. Lanak “lehen pertsonan” azaltzen du gaitz larriak eta sendagaitzak dituzten euskal presoek eta hauen senideek bizi duten egoera. Gaixotasun larriak dituzten presoak hauek dira: Martuteneko espetxean dauden Gotzone Lopez de Luzuriaga eta Jose Angel Biguri; Txus Martin, Iñaki Erro, Aitzol Gogorza, Iñaki Etxeberria, Josetxo Arizkuren, Jose Miguel Etxeandia, Isidro Garalde, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Josu Uribetxeberria, Garikoitz Arruarte, Inma Berriozabal eta Jesus Mari Mendinueta.
Minbizia, itsu gelditzeko arriskua, gaixotasun psikologikoak, diabetesa, eskoliosia… gaitz larriak izan arren, kartzelan jarraitzen dute. 45 bat minutuko iraupena duen ikus-entzunezkoak, senideen eta lagunen “testigantzak, sentimenduak eta une txarrak” erakusten ditu. Lagun ugari bertaratu da gaur ikus-entzunezkoaren emanaldia ikustera.
Etxerateko bozeramaile Mattin Troitiñok aurkeztu du dokumentala, bertan parte hartu duten hamalau lagunek babestuta. Argitu duenez, izenburu hori jarri diote “euskal preso politikoen egoera, eta larriki gaixorik daudenena urtetan ezkutatua izan den errealitatea da, pixkana pausoak ematen goazen heinean, zentsuraren mugak ere gainditzen goaz. Gaur da eguna, euskal gizarteak honen berri duela”. Eskerrak eman dizkie proposamena onartu, eta bertan parte hartu dutenei.