PPk atez atekoa ezartzeko azterketa udal langileek egin dezaketela dio
Popularrek diotenez, udalbatzaren gehiengoak hainbatetan adierazi du zein bilketa sistemaren aldekoa den
Hondakinak biltzeko sistemak oposizioaren eta udal gobernuaren arteko ika-mika izaten jarraitzen du. Nora Galparsoro Hiri Zerbitzu eta Azpiegitura zinegotziak hirian atez atekoa ezar daitekeen aztertzeko Garbitania enpresa publikoari aurrekontu bat eskatu diola azaldu du. Hirian hondakinak murrizteko «ahalik eta informaziorik gehiena biltzeko helburuz» egin dutela aditzera eman du PPko Vicente Garcia zinegotziak. Erabaki horrekin bat ez datozela aditzera eman du Garciak.
Azterketa hori Hiri Zerbitzu eta Azpiegitura Saileko teknikariek edota zabor bilketaz arduratzen den enpresakoek egin dezaketela proposatu du Vicente Garciak.
PPko zinegotziak, era berean, zaborraren bilketa sistemari dagokionez, udalbatzaren gehiengoak bere jarrera zein den behin eta berriz aldarrikatu duela jakinarazi du: «Ozenago ezin da esan; bai udalean baita batzar nagusietan ere, Bilduren politika gaitzetsi dugu». Bilduk berearekin aurrera jarraituz gero, neurriak hartu beharko dituztela adierazi du. Zein neurri hartzeko prest leudekeen, Vicente Garciak ez du argibiderik eman.