Anoeta estadioa euskal errugbiaren bilgunea izango da abuztuaren 3an
Baionak eta Miarritzek Euskal Herriko I. Kopa jokatuko dute, eta gainontzeko taldeek jaia bultzatuko dute
Errugbi jaia antolatu du Euskal Herria Kirolak abuztuaren 3rako. Baionako eta Miarritzeko talde indartsuak izango dira aurrez aurre, 20:00etan, eta Anoeta izango da lehiaren lekuko. Hala, Euskal Herriko I. Kopan, lehia eta aldarrikapena batuko dira. Jaia, ordea, arratsalde osoan izango da, eta garagardo azoka egingo dute estadioaren kanpoaldean, eguerditik aurrera. Gainontzeko euskal taldeetako kideek txosnak jarriko dituzte: Bera Bera, Donostiako Atletiko, Uztaritze, Hernani, Gernika, Zarautz, Gaztedi eta La Unica. Gainera, Dj Bullek eta Damba eta Xutik taldeek giroa alaituko dute, 16:00etatik aurrera. «Egun hau errugbi jaia bihurtu nahi dugu, eta denen artean lehia berezi hau bultzatu, edozein dela bere formatua», adierazi zuen aurkezpenean Jon Esturok, Euskal Herria Kirolaren bozeramaileak.
Hasiera batean, dagozkien ligetan hobekien sailkatutako lehenengo sei taldeekin antolatu nahi zuten Kopa. Egutegi arazoak tarteko, ordea, ezinezkoa izan da. Beraz, bi talde nagusiekin finala jokatuko dute zuzenean. «Bakarrik Euskal Herriko txapelduna zein den jakitea falta zaigu», gehitu zuen Esturok. Hala ere, datorren urterako txapelketa nagusi bat antolatu nahi dute, hainbat mailetako talde askok elkarren kontra joka dezaten, beti ere, beheko mailetako araudiarekin.
Sarrerak salgai daude
Euskal Herria Kirolak, kirolarien bilguneak, kopak, txapelketak eta ligak antolatzea du helburu, Euskal Herriko kultur eta kirol eremuan. Hala, Euskal Herriko Txapeldun postua sortu nahi du elkarteak. Beraz, Euskal Herriko hegoaldearen eta iparraldearen arteko harremana sendotu nahi du. «Elkarlana da gure bidea, eta iparralde eta hegoalde arteko harremanetarako errugbia da kirol nagusia». Partida hasieran Kote Olaizolari omenaldia egingo diote beste gauza askoren artean, bera izan zelako aintzindaria harreman horiek bultzatzerako orduan.
Partidarako sarrerak dagoeneko salgai daude www.barrabarra.eu webgunean, Anoetako 6. leihatilan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, hainbat tabernetan, eta inguruko turismo bulegoetan. 10, 20, 30 eta 40 eurotako sarrerak eros daitezke.