Iaz baino ikus-entzule gehiago erakarri dituzte Jazzaldiko emanaldiek
Guztira, antolatzaileen arabera, 122.000 lagun izan dira jaialdiak eskainitako 103 kontzertuetan
47. Jazzaldia: Ikus-entzuleen datuak
Zapore ezin gozoagoa utzi die 47. Jazzaldiak antolatzaileei. Aurreko urteetako datuekin alderatuz, ikus-entzuleek gora egin dutela adierazi zuten arduradunek, atzo emandako prentsaurrekoan. Guztira, 122.000 ikus-entzule egon dira egindako 103 emanaldietan (horietatik 70 doakoak); hau da, iaz baino %6 jende gehiago izan da; zehazki, 115.000 ikus-entzule jaso baitzituen iazko jaialdiak. Horretaz gain, bildutako musikarien maila artistikoa «handia» izan dela nabarmendu zuten, eta komunikabideek plazaratutako kritikak onak izan direla. «Jazzaldia Donostian errotua dagoen jaialdia da, eta hiriari asko ematen dio, bai ekonomia bai musika aldetik ere. Hiria mundura zabaltzeko beste era bat da», nabarmendu zuen Juan Karlos Izagirren alkateak.
Viktoria Eugeniaren mendeurrena ospatzeko, Gaujazza egin zuten uztailaren 20an, eta sarrerak pare bat aste lehenago agortu ziren. Antolakuntza zailtasun handienak horrek sortu zituela aitortu zuen Miguel Martinek, Jazzaldiko zuzendariak. «Guztia oso ongi atera zen Gaujazzean, baina ongi trebatutako langile asko behar izan genituen. Oso konplikatua izan zen», aipatu zuen Martinek.
San Telmo Museoa, esperimentazio gunea izan da, iaz egin bezalaxe. Aurtengo jaialdian, euskal artistek bat egin dute nazioarteko izarrekin, eta erantzunarekin ezin alaiago agertu zen Martin. «San Telmoko emanaldietan jendeak izandako erantzunarekin oso gustura geratu gara, ez genuen halakorik espero. Gune esperimentala izaten jarraituko du, baina ez dakigu zehazki zein izango den datorren urteko proposamena», azaldu zuen Martinek. Gainontzeko emanaldiei dagokienean, berriz, esperotako arrakasta izan dute Martinen hitzetan. «Aurreikuspenak bete ditu Antony and The Johnsonsek, baita Melody Gardotek ere, besteak beste».
- Uztailak 23. Guztira, 14.000 ikus-entzule. Agertoki jendetsuena: Nauticool (2.200).
- Uztailak 22. Guztira, 24.867 ikus-entzule. Emanaldi jendetsuena: The Wedding Present (6.000).
- Uztailak 21. Guztira, 32.820 ikus-entzule. Emanaldi jendetsuena: The Waterboys (8.000).
- Uztailak 20. Guztira, 23.815 ikus-entzule. Emanaldi jendetsuena: Destroyer (7.500).
- Uztailak 19. Guztira, 26.650 ikus-entzule. Emanaldi jendetsuena: Sharon Jones & The Dap-Kings (8.000).