Eusko Jaurlaritzak Kontxa eta Morlans arteko trenbidea lehiaketa publikora ateratzea onartu du
Lanek 55,5 milioi euroko aurrekontua dute eta 40 hilabeteko epea izango da horiek gauzatzeko.
Eusko Jaurlaritzak 55,5 milioi euroko aurrekontua bideratuko du EuskoTreneko sarea Kontxa eta Morlans artean luzatzeko. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak atzo ezagutzera eman zuenez, hau da lehiaketa publikora aterako duten hiriaren erdiguneko bigarren bidegunea. Izan ere, joan den hilabetean Lugaritz eta Kontxa lotuko dituen trenbide sarearen zabaltzearen gauza bera egin baitzuten.
Trenbide zati berriak, Zaragoza plaza –La Perlaren instalakuntzaren ondoan– eta Morlans lotuko ditu. 1,9 kilometroko luzera izango duen bide bikoitzeko tunela da. Lur azpiko bi geltoki ere eraikiko dituzte. Bata, Kontxakoa, Manterola kalearen azpian jarriko dute, eta Zaragoza plazatik nahiz Urbieta kaletik sartu ahal izango da bertara. Bestea, berriz, Osasuna kalearen azpian egingo dute. Bertara sartzeko, Moraza eta Autonomia kalean sarrera bana egingo dute. Hirugarren bat ere aurreikusi dute arduradunek, egungo Euskotreneko trenbideen tokian egingo den bulebarrean.
Aipatutako lanak aurtengo azaroan hastea espero dute, eta hauek gauzatzeko 40 hilabeteko epea izango dute esleipena eskuratzen dutenek.
Iñaki Arriolak azaldu duenaren arabera, erabaki hau “Donostialdeko Metroaren proiektuarentzat bultzada berri bat” da. Haren esanetan, proiektuaren %43,13 abian egongo da urte bukaerarako. Orain arteko lanekin, Eusko Jaurlaritzak, jada, 313, 4 milioi euroko inbertsioa egin du.