PPko Ramon Gomez izango da San Markoko ordezkari berria
Bilduko Nora Galparsoro kargutik kentzearen alde bat egin dute PSE-EEk, EAJk eta PPk udalbatzarrean
Errauste plantaren aurkakoek elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean
Lasarte Orian gertatu bezala, Donostian ere udalbatzak San Marko Mankomunitateko ordezkaritza aldatzea adostu du. Bilduko Nora Galparsoro kargutik kentzearen alde egin dute PSE-EEk, EAJk eta PPk. Haren lekua PPko bozeramaile Ramon Gomezek beteko du. Era horretan, San Marko Mankomunitateko batzordean udalak dituen 46 botoak Denis Itxaso PSE-EEko zinegotziaren eta PPko Ramon Gomezen esku egongo dira. Erabakiak Juan Karlos Izagirre alkatearen eta oposizioko udal bozeramaileen arteko ika-mika piztu du.
Ez da, era berean, errauste plantaren aurka dauden hainbat herritarren gustuko neurria izan, eta hartutako erabakiaren atarian elkarretaratzea egin zuten, batzarra hasi baino lehen, udaletxe aurrean. Ordezkari aldaketaren atzean, «errauste plantarik gabeko hondakin kudeaketaren kontra egiteko bultzada» dagoela uste dute eta «herritarren osasuna eta ongizatea» bermatzeko aldarrikapena egin diete udal ordezkariei.
San Marko Mankomunitateko ordezkariak aldatzeko arrazoiak azaltzeko Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak hartu du hitza lehenik eta behin. Hondakin kudeaketari aurre egiteko udalbatzaren gehiengoak zer nahi duen orain arteko osoko bilkuretan «behin eta berriz» plazaratu dutela jakinarazi du Gascok. «Udalbatzak argi utzi du egungo hondakin planaren aldekoa eta atez atekoaren kontrakoa dela», dio.
Hori dela eta, udal ordezkariek osoko bilkuran adosten denaren aurka ezin dutela egin leporatu dio PSE-EEko bozeramaileak Bilduri. Ernesto Gascok, era berean, Nora Galparsoro Hiri Zerbitzuetako zinegotziak hirian atez atekoa ezar daitekeen ikusteko eskatutako azterketaren kontra egin du. «Galparsorok ezin ditu erabakiak bere kasa hartu, udal gobernuko kide da».
Demokraziaren arau nagusia gehiengoaren nahia errespetatzea dela gogoratu du Ramon Gomez PPko udal bozeramaileak. Nora Galparsorok San Markon hartutako erabakiengatik mozioak aurkeztu dituztela zehaztu du. Bilduko ordezkariak, baina, gehiengoaren nahia errespetatu gabe jarraitu duela erantsi du. Horren ondorioz, «udalbatzak emandako konfiantza kendu diogu», azaldu du Gomezek.
«Udalbatzak esandakoari behin eta berriz entzungor egin dio», nabarmendu du Eneko Goia EAJko bozeramaileak. Bilduren jokabideak, gainera, «udal estrategia bati baino udaletik kanpoko estrategia bati» erantzuten diola jakinarazi du. Hori dela eta, Gipuzkoako Hondakin Kontseiluak ekainetik milioi bat euro zor duela eta horiek eskuratzeko udal gobernuak pausorik ez duela eman nahi izan salatu du. Goiak, era berean, ekainean 50 alkatek errauste planta ez finantzatzea hitzeman zutela eta, horien artean Donostiako Udalak bat egin zuela gogora ekarri du.
«Ahotsik gabe»
Ordezkari bakoitzaren hitzak entzun ondoren, «gezurretan» ari direla leporatu die Juan Karlos Izagirre alkateak hiru udal bozeramaileei. Gascori inongo azterketarik ez dutela eskatu esan dio; San Markon Galparsorok ez duela atez atekoa defendatu adierazi dio Gomezi eta Goiari. Zero zabor mugimendua eta atez atekoa gauza bera ez direla azaldu dio.
Oposizioak hartutako erabakiarekin hainbat donostiar «ahotsik gabe» geratuko direla ohartarazi du. «Hauteskundeetan irabazten ez duzuena horrelako maniobra zikinekin lortu nahi duzue», esan du alkateak, oposizioko taldeei zuzenduta.
Izagirrek, halaber, Nora Galparsoro zinegotziaren lana goraipatu du eta, hartutako erabakia «gehiegikeria» izateaz gain, «jarrera koldarra» erakusten duela eman du aditzera. EAJ «saltsa horretan» sartuta egotea, halaber, «sinestezina» iruditzen zaio. Nora Galparsoro Hiri Zerbitzuetako zinegotziak errauste planta «inposizioz etorri» zela eta egungo hondakin kudeaketa plana «hilda» dagoela berretsi du: «Errauste plantak egungo egoeran ez du lekurik; udalerriek birziklapenaren alde egin dute; hortaz, erretzeko hondakinik gabe azpiegiturak ez du balio». Denis Itxaso PSE-EEko zinegotziak birziklapena ez dela egun batetik bestera %33tik %80 igotzen eta, Zubietako lanei heltzeko asmorik izan ezean, «zulo handi batean» bilakatuko dutela kritikatu du.