Emakumeek eta gizonek egun berean jokatuko dute Kontxako sailkatze lehia
Arraunean ere berdintasunaren aldeko apustua egin nahi izan du udalak hartutako erabakiarekin
Iristear dira aurten ere arraunzaleen egunik gogokoenak. Izan ere, urtero legez iraileko lehenengo bi igandeetan egongo da jokoan Kontxako Bandera, bai gizonezkoen bai emakumezkoen kategorietan. Igandea iritsi aurretik, ordea, sailkatze estropadaren txanda izango da, etzi arratsaldean, eta horren berri eman zuten antolatzaileek atzoko aurkezpenean. «Aurten bada berrikuntza bat, hain zuzen ere, abuztuaren 30ean egingo dela sailkatze estropada, bai gizonezkoena eta bai emakumezkoena, egun berean», azaldu zuen Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariak. Berrikuntza da, emakumezkoen bandera jokoan egon denetik, sailkatze estropadak gizonezkoen egun desberdinetan jokatu izan dituztelako urtero. «Guk hori berrikuntza bezala aurkeztu dugu, kirolean gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako urrats bat emate aldera. Emakumeen kirola nahiko ikusezina izaten da, ez arraunean bakarrik. Abuztuaren 30ean komunikabidez josia egongo da Donostiako badia, beraz, emakumeek ere komunikabideetan ateratzeko oso aukera ona izango dutela uste dugu; helburua oso garbia da, emakumeek behar duten moduko ikusgarritasuna lortzea», jarraitu zuen Txapartegik.
Emakumeen sailkatze estropada 17:30ean izango da, eta, Getaria-Tolosa, Hibaika, Hondarribia, Orio, Galizia-Rianxeira, San Juan eta Zumaia saiatuko dira lau postuetako bat lortzen, bi igandeetan lehiatzeko. Gainera, iaz baino sari pixkat bat handiagoak izango dituzte sailkatzea lortzen duten lau emakumezko ontziek. Kontxako Banderaren txapeldunak, Maria Jesus Lorenzo Diazek egindako bandera irabaziko du, eta banderaren kopia txikiak jasoko ditu arraunlari bakoitzarentzako; baita 9.000 euro ere. Bigarren sailkatuak, 6.200 euro; hirugarren sailkatuak, 5.000 euro; eta laugarren sailkatuak 3.500 euro.
Ondoren, 18:00etan, gizonezkoen sailkatze estropada jokatuko dute, 24 traineruk, erlojupeko bi txandatan banatuta; batetik, Bermeo-Urdaibai, Portugalete, Hondarribia, Kaiku, San Juan, San Pedro, Astillero, Castro-Urdiales, Pedreña, Tiran, Zierbena eta Zumaia izango dira, eta bestetik, Camargo, Chapela, Elantxobe, Getaria, Hibaika, Lekittarra, Ondarroa, Orio, Santurtzi, Santoña, Trintxerpe eta Zarautz. Horien arteko zazpi talde azkarrenek lortuko dute datozen bi igandeetan Kontxako badian lehiatzeko aukera, berez postua irabazia duen Donostiarrarekin batera. Hala, irailaren 9an, gizonezkoen traineru txapeldunak Itziar Alduntzin donostiarrak egindako Donostiako Bandera irabaziko du, baita banderaren kopia txikiak arraunlari guztientzako; eta 24.000 euro. Bigarren sailkatuak, 15.000 euro; hirugarren sailkatuak, 12.000 euro; laugarren sailkatuak, 9.000 euro; bosgarren sailkatuak, 7.000 euro; seigarren sailkatuak, 6.000 euro; zazpigarren sailkatuak, 5.000 euro; eta zortzigarren sailkatuak, 5.000 euro.
Udala Donostiarraren alde
Donostiarra traineruak urtero parte hartzen du Kontxako Banderan, sailkatze estropada jokatzeko beharrik gabe. Udalak, behar duen moduan, hiriko trainerua babesten du, «donostiar guztion trainerua» dela esanez. . «Argi dago Donostiako Udaletik gure kolorea hori dela, eta donostiar guztiak animatu nahi ditugu gure traineru donostiarra anima dezaten, bai irailaren 2an bai 9an. Irabaz dezala onenak, baina bihotzak kolorea ere badu», aipatu zuen Nerea Txapartegik.
Kontxako estropadak 1879an jokatu zituzten lehen aldiz, Donostiako jaietako udako programaren osagai gisa. Orduko traineru horiek arrantzan aritzen zirenak ziren, eta azkarrena zein zen jakiteko lehiatzen ziren, dirua tarteko. Avante de Pasajes izan zen garailea, eta sortutako ikusminaren ondorioz, udalak datozen urteetan ere estropada antolatzea erabaki zuen.
Emakumeen lehenengo Kontxako Bandera, berriz, 2008an antolatu zuten lehen aldiz, eta jokatutako lau urteetan Galiziako trainerua izan da txapelduna.
Donostiako Estropadak, Kontxako Bandera
ETZI, abuztuak 30
- 17:30. Emakumeen sailkatze estropada. Erlojupekoa. Zazpi traineru, txanda bakarrean.
- 18:00. Gizonezkoen sailkatze estropada. Erlojupekoa. 24 traineru, bi txandatan.
- 11:00. Emakumeen V. Kontxako Banderaren lehen igandea. Lau traineru. 1’5 itsas miliako distantzia (2.778 metro); bi luze eta ziaboga bakarrarekin.
- 12:00. Gizonezkoen 2012ko Kontxako Banderaren lehen igandea. Zortzi traineru, bi txandatan, zozketaren arabera banatuak. Hiru itsas milia (5.556 metro) ibilbide bereko bi luzetan banatuta, ziaboga bakarrarekin.
- 11:00. Emakumeen V. Kontxako Banderaren bigarren igandea. Lau traineru.
- 12:00. Gizonezkoen 2012ko Kontxako Banderaren bigarren igandea. Zortzi traineru, kontsolazio eta ohorezko txandatan banatuak, aurreko igandeko sailkapenaren arabera.