Oliver Stone zuzendaria (Argazkia: Donostiako Zinemaldia).
Aurtengo Zinemaldiaren Sail Ofiziala Richard Gerek eta Susan Sarandonek irekiko dutela iragarri zuten lehenengo, Arbitrage pelikularen Europako estreinaldia dela-eta; Ben Affleck ere Donostiara etorriko dela jakinarazi zuten geroago, Argo filma aurkezteko helburuarekin; eta, atzo, Benicio del Toro, John Travolta eta Oliver Stone jaialdian izango direla jakinarazi zuten. Horrenbestez, Zinemaldiaren 60. ekitaldian izarrak nonahi izango dira.
Stonek Savages filma aurkeztuko du, Del Toro eta Travoltarekin batera. Irailaren 23an Victoria Eugenia Antzokian proiektatuko dute film berria. Don Winslow idazlearen izen bereko best-sellerrean oinarrituriko thrillerra da. Zinemagile estatubatuarrak, gainera, Donostia Saria jasoko du; eta ez edonolakoa, garaikur berezia izango baita aurtengoa, jaialdiak 60. urtemuga betetzen duelako.
Oscar sarien bildumazale
Stone gidoilari gisa hasi zen zinema munduan, eta lehenengo Oscar saria Alan Parker zuzendariaren Midnight Express (1978) filmaren gidoiagatik jaso zuen. Horretaz gain, beste film ezagun batzuen gidoiak ere bereak dira; esaterako, John Milius zuzendariaren Conan the Barbarian (1982) eta Brian de Palmaren Scarface (1983) lanenak.
Zuzendari gisa egin zuen lehenengo lana The Hand (1981) fantasiazko thrillerra izan zen, baina, bere estilo berezia eta zuzendari gisa dituen interesak bost urte geroago geratu ziren argi, Salvador (1986) drama politikoarekin. Film horrek Zinemaldiaren barruan egiten diren Belodromoko proiekzioak inauguratu zituen bere garaian. Ondoren, nazioartean ospea ekarri zion Platoon (1986) etorri zen, Vietnamgo gerrari buruzko erretratu latza; horri esker, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi zuen, baita film onenarena ere. Arrakasta handia izaten jarraitu zuen negozio handien munduari buruz ikuspegi garratza eskaintzen zuen Wall Street (1987) lanarekin, eta berriz ere Vietnamgo traumaz hitz egiten zuen Born on the Fourth of July (1989) filmarekin. Azken honi esker, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi zuen.
Hurrengo filmetan Stonek Amerika modernoari buruzko erretratu sakon eta hunkigarria eskaini du, eta besteak beste, honako gai hauek landu ditu: Kennedyren hilketa, JFK (1991); Richard Nixonen agintaldia, Nixon (1995); AEBetako gizartearen indarkeria, Natural Born Killers (1994); kirolaren munduko ustelkeria, Any Given Sunday (1999) eta irailaren 11ko atentatuak, World Trade Center (2006).
Bosgarren aldiz jaialdian
Stone lau aldiz izan da Donostiako Zinemaldian, Salvador, Natural Born Killers eta World Trade Center Belodromoan aurkeztu zituenean, eta Looking for Fidel (2004) dokumentalarekin, Zabaltegi-Bereziak sailean.
Bosgarrenean, Savages filmarekin etorriko da, Laguna Beacheko bi enpresariren istorioa kontatzeko. Bien artean irabazi bikainak ekarriko dizkien negozioa jarri dute etxean: inoiz lortu den marihuana onena landatu eta saltzea.