"Ez dira hiru konpainia bakarrik, baizik eta horien artean sortzen den sinergia"
Harkaitz Mtz. de San Vicente, Oreka TXko kidea
Oreka TXren musikak, Kukai konpainiaren dantzek eta Amaren Alabak taldearen ahotsek osatzen dute ‘Hostoak’ ikuskizuna; Viktoria Eugenia Antzokian bi emankizun eskainiko dituzte asteburuan.
Harkaitz Martinez de San Vicente (Añorga, 1975) eta Igor Otxoa donostiarrek sortu zuten Oreka Tx 1997an, txalapartari bikote gisa. Iazko abenduan, ordea, Otxoak taldea utzi zuen denbora tarte batez, Donostia 2016 proiektuan murgiltzeko. Mikel Ugarte oiartzuarra ari da bitarte horretan Otxoaren hutsunea betetzen, taldearekin aurretik urte askoan lan egin ostean. Añorgatarrak taldearen eta ikuskizunaren berri eman dio Irutxuloko Hitzari.
Azaldu ezazu bi hitzetan zer den zuretzako Hostoak. Alde batetik, fusioa edo nahasketa, eta bestetik, esperimentu bat dela esango nuke. Fusioa, hiru konpainia bildu garelako, hiru diziplina desberdin uztartuz; kantua, musika eta dantza. Beti ahazten zaigun laugarren diziplina bat ere nahasten dugu; hain zuzen ere, Eñaut Muñoak zuzeneko irudiekin osatzen duena. Niretzako Hostoak guzti horren batura baino gehiago da. Ez dira hiru konpainia bakarrik, baizik eta horien artean sortzen den sinergia eta energia. Esperimentua ere izan da, elkar ezagutzen genuelako, baina sekula ez genuelako elkarrekin lan sakon bat osatu. Orduan, horretarako nolabaiteko elkartze sorkuntza prozesu jakin bat erabili behar izan dugu.
Duela urte eta erdi estreinua egin zenuten Kursaalen. Zein izan da orain arteko ibilbidea?
Estreinuaren eguna oso indartsua izan zen; Kursaal betea zegoen. Esperimentua landu ostean, lehen aldi horretarako beti izaten da nolabaiteko beldurra. Geroztik, Hostoak ikuskizuna zertxobait aldatu da, baina batez ere, heldutasuna lortu du. Guztira, 30 emanaldi ingurura iritsiko gara asteburuko bi horiekin. Gainera, nolabait ere ikuskizunak espazio bereziak behar ditu, jende asko garelako taula gainean ibiltzen garenak. Beraz, ikuskizuna formato txikiago batera ere egokitu izan dugu, baina asteburuan egingo duguna osoa izango da.
Kursaalen edo Viktoria Eugenian aritzera ere aldea egongo da, ezta?
Bai, aldea badago. Agian, musikalki edo artistikoki eszenatokian hainbeste nabaritzen ez bada ere, zalantzarik gabe sentimenduz bai nabaritzen dugu; Igor Otxoa orain ez da egongo eta jakina nabaritzen dela. Igorren ordez, Amaiur Cajaraville batutufonoarekin ariko da, guk asmatutako instrumentu bat. Nolabait ere kontrabaxu edo baxuaren funtzioa betetzen du, eta Amaiur kontrabaxu-jotzailea denez, oso ongi betetzen du leku hori.
Zer moduzkoa izaten ari da Oreka TXren ibilbidea Igor Otxoaren tokia Mikel Ugartek bete zuenetik?
Baziren sei bat urte Mikel taldean zebilela. Hasieran, hiruen artean aritu ginen, eta Igor joan zenetik Mikel eta biok gabiltza; ongi ulertzen gara. Sorkuntza prozesua duela bi urte izan zen, eta behin hori eginda, beste lan berri batzuetan ibili gara. Txalapartaren ibilbidean, Mikel eta biok harmoniaren inguruan ari gara azkeneko lanketa egiten. Bat baino gehiagok galdetu digute ea egurrezko txalaparta jada ez den existitzen; baina kontua da harriak beste aukera batzuk ematen dituela melodia eta harmonia arloak jorratzeko.
Zein izango da Oreka TXren hurrengo lana?
Oraindikan ere denbora beharko dugu, baina ari gara hainbat proiektutan nahasten. Kontua da proiektu berri bakoitzak eskatzen duela sorkuntza mailan, eta proiektua bera kokatzea. Adibidez, datorren hilabetean, bi kontu berri izango ditugu. Batetik, Manu Dibangorekin Baionan kontzertu bat eskainiko dugu, Black and Basque jaialdiaren barnean; eta berarekin lantzeko lan berriak osatuko ditugu. Aurrerago, Maite dut harria proiektua aurkeztuko dute, harri jasotzaileen inguruan. Gu hori lantzen ari gara, Hostoaken ibilbide beretik, gauza berriak sartzen eta egokitzen , ikuskizun baterako.
‘Hostoak’
- Zer. Hostoak; musika, dantza eta kantu ikuskizuna.
- Partaideak. Oreka TX, Kukai dantza konpainia eta Amaren Alabak.
- Noiz. Irailak 1 larunbata, eta irailak 2 igandea, 20:00etan.
- Non. Viktoria Eugenia Antzokian.