Abuztuaren 31 kalea (Argazkilaria: Mikel Goñi).
Parte Zaharreko gunerik zaharrenak 1813ko ezbeharrari zor dio izena; hala ere, izendatzeak badu beste hainbat kontu bitxi.
Bihar iritsiko da egutegira abuztuaren 31ari dagokion orria. Donostian gorriz margotuta dagoen eguna da; eta ez jaia ospatzen delako, baizik eta gertaera lazgarri baten oroitze eguna delako, hain justu. Gertakaria gogoan mantentzeko, egun horren izena eman zioten hiriko kalerik zaharrena den horri. Hala ere, gunearen izendapenak hainbat istorio eta kontu gordetzen ditu, ez baitu beti izen bera izan, ezta izen bakarra ere.
1813. urtean, Portugalgo eta Ingalaterrako soldaduek hiria erre zuten, Castaños gudalburu espainiarraren aginduak jarraituz. Izan ere, Napoleonen tropak alde egin eta gero, haiek suntsitu baitzuten ia hiri osoa. 1813ko abuztuaren 31koa izan zen sutearen gaua, nahiz eta ezbeharrak astebete inguru iraun zuen. Iñaki Egaña historialariaren ‘Donostia 1813. Quienes, como y por que provocaron la mayor tragedia de la historia de la ciudad’ liburuak jasotzen duenaren arabera, 1.500 eta 1.600 donostiar inguru hil ziren ondoko egunetan suntsiketaren ondorioz. Bortxaketak ere ugariak izan ziren.
Aipatu suteak hiriaren gune nagusia zen oraingo Parte Zaharra ia osoa suntsitu zuen. Salbuespen bakarra Urgull menditik gertuen zegoen Trinitatearen kalea izan zen, hau da, egungo Abuztuaren 31 kalea.
Fermin Muñozek ‘San Sebastian, origen y desarrollo de una ciudad’ liburuan jasotzen duenez, San Bizente eta Santa Maria elizen artean dagoen kalea Trinitate izenarekin ezaguna zen dagoeneko 1566. urtean. Hala ere, ez dago argi izen hori egungo Abuztuaren 31 kalera mugatzen zen, edo hiri osoari buelta ematen zion kale multzoari eman zioten.
Urte luzeetan Trinitate izena kale horretan zeuden hiru elizek emana zela uste izan du jende askok. Horien artean zeuden 1877. urtean kaleari izena aldatzea erabaki zuten udal ordezkariak.
Ondoren, San Telmo komentuaren elizak mende hasieran erabilera erlijiosorik ez zuela ikusita, kale horri Trinitate izena kendu ziote. Garaiko udalak eman zion 1813ko gertaera gogora ekarriko zuen izena kaleari: Abuztuaren 31 kalea.
San Telmo kalea ere izan da
Hala ere, Abuztuaren 31 kalearen izenak badu beste bitxitasun bat. Hain zuzen ere, 1897. urtean hiriko hainbat gune kale eta pasabide euskarazko izenarekin errotulatzeko akordioa hartu zuen orduko udalbatzarrak. Izendegi bikoitz honen arabera, Santa Maria eta San Bizente kaleen arteko kaleak San Telmo izena ere hartu zuen. Hain zuzen ere, izendatze bikoitza gordetzen duen plaka ikus daiteke oraindik ere kale honen bukaeran, nahiz eta bigarren izenak ofizialtasuna galdu duen.