Arkua nola erabili irakasten dute (Argazkia: MIkel Goñi).
Donostiako Diarco arku tiraketa taldean 100 bat pertsona jarduten dute; kirolari gutxi dituen jarduera askotarikoa eta edozeinek ikasteko modua dela diote.
Arku tiratzaileek diotenez, punteria ez da existitzen. Berezko dohaina, Diarcoko kide den Rodolfo Jareñok (Amara, 1963) dioenez, teknika landuaren ondorio zuzena da eta hiru osagai nagusi ditu: zehaztasuna, indarra eta trebezia. Kirol olinpikoa da arku tiraketa, eta, hain zuzen ere, jarduera horrek hiru osagai horiek lortzen eskuratzen laguntzen du. Baina, entrenamenduarekin lortzen baldin badira ere, horiek eskuratzera iristeko ezinbestekoa da jarrera: «Burua oso ondo jarrita behar da, besteak beste, kontzentrazioa behar delako». Helburua, berriz, diana batean geziak erdialdetik ahalik eta gertuen uztea da.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 700 bat lizentzia daude. eta bertan dauden taldeen artean inportanteena 100 bat kide federaturekin Donostiako Diarko izango dela dio Jareñok.
Indarra da kirol honek eskatzen dituen gauzetako bat. Nahiz eta kanpotik ikusita ez duen horrela ematen. «Pelikuletan ikusten da geziak botatzea goma bati tira egitea bezalakoa dela, baina ez da horrela», azaldu du Jareñok. Arku olinpikoarekin tiraketa egiteko 18-19 kiloko indarra egin behar izaten da. «Baina, ez behin bakarrik, saio batean 200 eta piko gezi botatzen dira».
Teknikari dagokionez, oso zehatza eta «berezia» da; eta hau landuta lortzen dira indarra eta trebezia. «Normalean arkua irekitzeko muskulu trapezioa eta sorbalda erabiltzen ditugu, eta ez besoa». Sorbalda ingurua indartu egin behar da. Baina, teknika behin ikastearekin ez da nahikoa. «Dena dakizula ematen duenean, oporretara joan eta itzultzen zarenean, berriro findu behar duzu, ez da bizikleta bezala».
Edozeinek ikasteko modukoa
Jareñok teknika zaila dela dioen arren, ez du ezinezkotzat jotzen eta «edozeinek» ikas dezakeela esaten du. «Beste kontu bat da, burua bere tokian eduki behar izatea, beste zerbait badaukazu buruan, lana, familia… jai daukazu». Dena den, ezaugarri hori da arku tiraketa horren erakargarria egiten duen gauzetako bat. «Kontzentrazio asko eskatzen duenez, beti ari zara pentsatzen horretan eta beste guztia ahazteko balio du».
Arku tiraketa, beste kirolen moduan, lehiakidetasunetik asko dauka. «Dena da lehia, baina zure buruarekin ari zara lehian, eta zu zeu zara denaren erantzule, inork ez dizu bultza egiten, ezta antzekorik ere ez».
Kanpotik ikusita dena berdintsua eman dezakeen arren, Diarkok Anoetan duen egoitzan sartu eta mota ezberdinetako tresna eta jo mugak ikustearekin batera, arku tiraketa bat baino gehiago dagoela erraz ikusten da.
«Arku olinpikoan egonkortzaileak daude, bestela tradizionalak ere badira, egurrezko arkuak… biribildua, zuzena… mota ugari dago eta bakoitza modalitate bat da». Arkuaren ezaugarri bakoitzak abiadura eta indar ezberdina ematen dio geziari, eta lastertasun handiagoa lor daiteke indar bera eginda, biribildutako arkua erabilita. «Horregatik olinpikoak biribilduak dira».
Txapelketa mota ezberdinak ere badaude. Arku motaren araberakoak, eta baita distantziaren araberakoak ere: Tradizionalean hemezortzi eta 30 metrora, 60, 70 eta 90 arku olinpikoan.
Hamar orduko ikastaro batekin oinarrizko arauak nahikoa dela dio Jareñok. Hain zuzen ere, Diarkon bertan egin daitezke ikastaro hauek. «Oinarrizko arauak ikasi eta, batez ere, istripu bat ez izateko ezagutza hartzea da hauen helburua». Honen adibidea da, esaterako, arku tiraketaren aretoan, tiraketak txandaka egitea, eta tiratzaile guztiek txandako gezi guztiak bota arte itxaron behar izatea.
Helburuek zailtasuna ezarriz
Hastapeneko ikastaro horiek ia hilero egiten dituzte Diarcon, «hamar, hamabi bat lagun biltzen direnean». Printzipioz edozeinek praktika dezake kirol hau. Arku tiraketa egokitua ere badagoela gogora ekartzen dute. «Nik neuk besorik gabe botatzen dutenak ikusi ditut, eta baita itsuak ere».
Berrehun bat eurotan has daiteke kirol honetan, arku tradizional bat eta dozena inguru gezi erosita. Hala ere, Jareñok nabarmendu duenez, lehiaketa eta txapelketetan erabiltzen diren arkoak mila euro kostatzera erraz irits daitezke.
Exijentzia maila ere helburuen araberakoa da, eta lan pixka bat eginda Gipuzkoako txapelketan sartzea posible da. Baina, ondo aritzeko gauza dezente egin behar dira. «Esaterako, tiraketa alde batekin egiten da, baina beste aldea ere landu egin behar da, teorian, igeriketa, edo pisuak edo antzeko zerbait egin behar da». Bestalde, «teknika ez da bakarrik diana, ispiluan begiratu eta beste norbaiten ekarpena beharrezkoa izaten da, entrenatzaile batena edo».