Miguel Noguera: «Gorroto dut egiten dudana barregarria dela justifikatu behar izatea»
Antzoki Zaharra umore axolagabe eta absurdoak hartuko du gaur eta bihar; ‘Ultrashow’ ikuskizuna hirira itzuli da
Beldurrezko Asteak ekarri zuen lehen aldiz Donostiara, iaz. Orduan Gazteszena lepo bete zuen. Oraingoan Antzoki Zaharreko agertokira igoko da Miguel Noguera (Kanaria Handia, 1979). Ultrashow ikuskizunarekin itzuli da. Ohiko umorezko bakarrizketa bat baino gehiago ikusi nahi dutenentzat egindako lana da. Gaur eta bihar izango dira emanaldiak, 22:30ean.
Duela gutxi zure blogean Donostian egingo dituzun emanaldien inguruan idatzi zenuen: «Espero dut malvasiaren eta hitz jokoen festa handi bat izatea».
Bai, tira, zentzu bat baino gehiagoko hitz asko dago Ultrashow ikuskizunean; hitz jokoak sortzen dira, eta esanahi biko ergelak. Malvasia, berriz, mahats mota bat da; oso gozoa da. Hitz hori asko gustatzen zait. Ambrosia edo mana hitzen ordez erabiltzen dut. Fintasunez betetako ikuskizun bat eskaintzeko gogoa azaldu nahi dut malvasia hitzaren bidez: ideien barruan esapide onak sor daitezela, eta bat-batean asmatu eta botatzen ditudan ideia horiek aberatsak izan daitezela; eta joko asko sortzea.
Oroitzapen onak al dituzu Donostian iaz egin zenuen emanaldiaz? Nolakoa izan zen ikusleen harrera?
Oroitzapen onak gordetzen ditut bai. Emanaldia ondo joan zen; aretoa egokia zen; ni eroso nengoen; eta jendeak ondo pasatu zuen. Publikoa ordu-orduan iritsi zen, eta aretoa garbi utzi zuten etxera joan zirenean. Sarrera protestatu gabe ordaindu zuten; eta ez dut uste sakeleko telefonorik jo zuenik emanaldian… Gizon bat aretotik irten zen komunera joateko, eta bota egin zuten; baita zigortu ere. Beste batek bere haur txikia eramateko ideia zoragarria izan zuen… Aretoaren irteerara eraman zuten sarrera eskuratu eta berehala. Taxi bat eskatu zioten, berriz ere biak etxera bueltan eraman zitzaten.
Nola azalduko zenioke ‘Ultrashow’ zure lana ezagutzen ez duen pertsona bati?
Agertoki gainera igo, eta orri batzuetan idazten ditudan burutazioak azaltzen ditut. Soilik burutazio horien izenburuak idazten ditut ohar horietan. Ideia horiek gogora ekartzeko egiten dut, besterik gabe. Azalpen horiek bat-batean prestatzen ditut; ez dut aldez aurretik entseatzen. Burutazio horiek nire egunerokotasunean sortzen dira, eta kuaderno batean apuntatzen ditut. Ondoren, ikuskizunean kontatu nahi ditudanak hautatzen ditut. Programan gustuko ditudanak bi hilabetez mantentzen ditut, eta aldi berean ideia berriak sartzen hasten naiz, horiek probatzen hasteko. Ikuskizunaren une batean proiektatu egiten diren irudi batzuk ere erabiltzen ditut, ideia batzuk azaltzeko. Eta listo.
Agertokira igo baino lehen, nola prestatzen duzu zeure burua?
Luzatzeak egiten ditut, jauzi txiki batzuk ematen ditut, ahotsa berotzen dut… Beroketa arrunt bat egiten dut. Hori egin gabe ere irten naiteke berdin-berdin, egia esan. Lehen ez nuen egiten, eta dena oso ondo joaten zitzaidan.
Nolakoa izango zen zure emanaldi perfektua? Noiz disfrutatzen duzu gehien agertokian?
Eroso nagoenean, eta azaldu nahi dudan ideia horretan murgiltzen naizenean disfrutatzen dut. Edukietan arreta jartzen dudanean eta gauza asko asmatzen ditudanean. Hau noiz gertatzen da? Presioa eta ardura desagertzen direnean; eta haien lekua axolagabetasun ludikoak hartzen duenean. Jolasa azaleratzen denean, finean. Noski baino noskiago, hau errazagoa da publikoa ere ondo pasatzen ari dela nabaritzen dudanean. Halere, izugarri gustatuko litzaidake hau guztia berdin-berdin egin ahal izatea publiko hotz baten aurrean.
«Barrearen Ferran Adria», «abangoardiako umorista», «komikoa ez den pertsona bat; ezta erabat kontrakoa dena ere»… Zer iritzi duzu jarri dizkizuten etiketa horien inguruan?
Ba egia esan «umorista» eta «abangoardiako umorista» etiketek kezkatu egiten naute. Ez dut jendea engainatu nahi. Ulertzen dut jendeak ni umoristatzat hartzea, baina nire ikuskizunaren abiapuntua ez da umorea; nahiz eta etengabe umorea egiten bukatzen dudan. Norbait ohiko umore bakarrizketa bat ikustera baldin badator nire ikuskizunera… Ziurrenik ez dio grazia putarik egingo, eta pentsatuko du iruzur egin diodala. Ez da umorezko bakarrizketa bat, nik neuk ere neure burua ez dut umoristatzat. Egiten dudana barregarria dela justifikatu behar izatea gorroto dut. Ez zait eztabaida hori interesatzen, absurdoa dela uste dut. Nik egiten dudanak graziarik egiten ez badizu, ez dizu inoiz egingo graziarik. Eta nik ez dut egiten dudana egiten zuk barre egiteko.
Nola hasi zen hau guztia? Liburuak, emanaldiak… Arte Ederrak ikasi zenituen, eta gero zer gertatu zen?
Noizbehinka emanaldiak egiten hasi nintzen. Lizentziatu eta handik gutxira hasi nintzen, 2004. urtean. 2010ean Jonathan Millanek eta biok egindako Hervir un Oso liburua kaleratu zuen. Ondoren, Blackie Books argitaletxea nirekin jarri zen harremanetan, eta bakarka liburu bat egiteko eskaini zidan: Ultraviolencia. Bartzelonako antzerki enpresagizon batek astero Ultrashow ikuskizuna bere aretoetan egiteko aukera eskaini zidan; eta bertan ari naiz joan den urteko apiriletik. Ser madre hoy liburua ere kaleratu dut, eta hainbat emanaldi egin ditut Espainian.
Barregarria izatea ez dela zure helburua esan izan duzu, umorea zure ideiak azaltzeko erabiltzen baduzu ere. Probokatu, gogoeta eragin… Zein da zure helburua?
Ba nire helburua gauzak partekatzea da. Baita materiala sortzeko modu bat erakustea; eta zenbait gauza irakurtzeko edo estetikoki pentsatzeko modua erakustea ere. Umoretik asko du nire lanak, baina batez ere lan egiteko modu bat komunikatu nahi dut; nire gogamen egoera hori azaldu nahi dut.