Uba Aterpetxea, Ametzagaña parkean.
Uba Aterpetxea izena du, eta kanpotar gazteei zein familiei prezio merkean ostatu emateko eraiki dute. 196 ohe ditu eta eraikina eko-diseinuarekin pentsatuta egin da. Bihartik aurrera zabalik izango da.
Bihar irekiko ditu ateak Uba aterpetxe berriak. Ametzagaina parkean dago kokatuta eta nabari da naturaren presentzia. Parkean barrena joanda, zuhaitz artean bilduta ageri den eraikin berdea da ostatua. Aterpetxea Donostiako Sustapenak bultzatutako proiektua da, hiriko beste aurpegi bat eskaintzen duen Uba Aterpetxea.
Ofizialki bihar irekiko bada ere, duela egun batzuetatik badu ostatua hartuko dionik jada. Denbora da interneten gelak eskaintzen dituela eta dagoeneko herrialde ezberdinetako hainbat gaztek hartu dute lotarako lekua bertan.
Proiektuko arduradun Eduardo Fernandezek Irutxuloko Hitzari adierazi dionez, Donostiako Sustapenak lehiaketara atera zuen aterpetxea kudeatu eta komertzializatzeko aukera. Europa osora zabaldu zuten eskaintza eta, azkenik, proposamen onena Valentziako Nest House S.L. enpresa izan zen. Beraz, bera izan da aterpetxea batik bat sarean zabaltzen ari dena. Horretaz gain, ostatua bera ere kudeatuko du. Enpresa honek aurretik esperientzia handia du aterpetxeak kudeatzen. Besteak beste, Valentzian, Bartzelonan, Granadan eta Santiagon dituzte gazteei zuzendutako ostatuak.
Uba Aterpetxeak 44 logela eta 196 ohe ditu guztira; hauek denak sei, lau eta biko logeletan banatuta egongo dira. Banaketari dagokionez, beheko solairuan kafetegia dago. Lehenengo eta bigarrenean, logelak daude, terraza zabal batez eta leiho handiez inguratuta. Diseinua, beraz, modu argi, soil eta erabilgarri batean dago pentsatuta.
Horrez gain, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu lekuak bezeroentzat. Batetik, egun ezinbestekoa den wifi-a dago eskuragai, baina baita ordenagailuak ere; bestetik, belardi eta aisialdi gune bat dauka, baita futbol zelaia ere; eta eskaintzen dituzten zerbitzuen artean, garbitegia, jangela eta sukaldea ere izango dira.
Hau dena aurrera eramateko, aurreikusten da zentrua kudeatuko duen enpresak, harrerarako sei pertsona, mantenurako bi eta garbiketarako hiru edo lauren beharra izatea.
Aterpetxean eskainiko diren zerbitzu gehienak erabiltzaileentzat zuzenduta badaude ere, Ubak zerbitzuak eskainiko dizkio biztanleria osoari. Zerbitzu horietan garrantzia handiena duena, bertan dagoen taberna-jatetxea da. Honela, Donostiako zein inguruko herritarrek aukera izango dute, Ametzagaina inguruko parajeez ez ezik, aterpetxeaz ere gozatzeko.
Ostatua hiriko erdigunetik urrun badago ere, aukera ezberdinak eskaintzen ditu bertaratzeko. Noski, oinez zein bizikletaz gerturatu daiteke, baina, bestalde, aparkalekua izango da bezeroen autoentzat. Gainera, ostatu hartzen dutenek, bere aldetik, garraio berezia izango dute hirigunetik aterpetxera mugitzeko.
Bestetik, Uba Aterpetxeak autobusekin lotura izango du Intxaurrondo zein Martutene auzoetan eta baita Intxaurrondoko Euskotren geltoki berriarekin ere.
20 euro gehienez
Gaua bertan igarotzeko hogei euro poltsikoan izatearekin nahikoa da, baina, proiektuaren arduradun Fernandezeri galdetuta, hori gehienezko prezioa dela esan du. Nahiz aterpetxe txartelak edo gazte txartelak ez duen preziorik jaitsiko, beste aukera batzuk aldatuko dute ordain kopurua. Esaterako, Zinemaldian izango diren promozioek, edo talde handiek egiten dituzten erreserbek.
Prezio baxuak dira aterpetxearen erakargarritasunetako bat, baina ez denak. Ostatua gehienbat gazteei, edo lasaitasuna topatzen duten familiei zuzenduta badago ere, baditu beste balizko bezero batzuk. Besteak beste, kirolari lotutako jendea (surfari bereziki), kulturari lotutako jendea eta ikerketa eta berrikutzatik etorritakoa.
Eko-diseinua
Donostiako Sustapenak orain artean egin dituen proiektu gehienek bezala, Eduardo Fernandezek adierazi duenez, hau ere, bere inguruarekiko eraikin integratua izatea izan da helburua; berdea, jasangarria eta eko-eraginkorra izanik.
Bestalde, esan bezala, Ametzagaina parkean ingurura begiratuta ez da itsasorik ikusten, ezta ere Parte Zaharreko pintxo-zalez beteriko kalerik. Egia esan, gutxi du inguruak ohiko Donostiatik. Horrek berak hiriaren beste aurpegi bat erakusten du, eta erabiltzaileari beste Donostia bat ezagutzeko aukera batzuk eman. Besteak beste, naturaz gozatzeko aukera, ibilaldiak egitekoa edo lasaitasunaz gozatzekoa.
Eraikina bera, eko-diseinuarekin pentsatuta egoteak, gainera, hainbat arlotan du eragina. Batetik, proiektuaren arduradunaren azalpenen arabera, eraikina bera eraikitzerako orduan materialak jasangarriak izaten saiatu dira. Bestetik, bertan erabiliko den ur beroa biomasarekin lortuko da, hau da, galderak ez dutela ez gasarekin edo elektrizitatearekin funtzionatuko.
Azkenik, teilatuan instalazio fotoboltaiko bat izango du, energia erabilerak ahalik eta ingurugiro kutsu gutxien izaten saiatzeko.
Donostiako Sustapenak bultzatutako proiektu honek, beraz, aukera berri bat zabalduko dio hiriko turismo ereduari. Nest House enpresaren kudeaketa lanak kanon bat izango du eta gehigarriak saldutako oheen arabera. Baina helburua, urtean bataz besteko, %55a betetzea izango da.