Monpaseko pasabideko maketa bat, Okendo plazan, 2008an egindako erakusketa batean. (Argazkia: Xabier Etxabe)
Kalte ekologikoak neurtzeko, Monpaseko pasealekuaren proiektua sakon aztertzen ari da
Gipuzkoako komunikabide batean Monpaseko pasabidea egingo ez dela irakur zitekeen atzo. Bilduk, ordea, ez du oraindik horrelakorik esan. Irutxuloko Hitzak jakin ahal izan duenez, udal gobernua proiektu osoa sakon aztertzen dabil ezer erabaki aurretik.
Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak 9,2 milioiko inbertsioa du aurreikusita pasabidea eraikitzeko, eta hori bera galdu duela leporatu diote Bilduri. Egunkari honek jakin duenaren arabera, ordea, oraindik garaiz dabiltza. Kosta zuzendaritzak bidalitako dokumentua «oso luzea» delako, legearen barruko hamar eguneko epe luzapena eskatu du Bilduk proiektua era sakonean aztertzeko, baina epeen barruan dabil oraindik.
«Guztiz aurreikusita zuten»
PSE-EEk prentsaurrekoa egin zuen Bilduren jarrera salatzeko asmoz. Denis Itxaso zinegotziaren hitzetan, «inbertsio hau inongo eskrupulurik gabe alde egiten uzten ari da». Gainera, ziurtatu zuen «guztiz aurreikusita zutela inbertsio hau hiltzen uztea». Honen inguruan Bilduk adierazi du jakina dela «printzipioz posizionamendua ez dela aldekoa», baina oraindik ez duela ezer erabaki. Azpimarratu nahi izan du baita ere proiektua hain sakon begiratzearen arrazoi nagusiak ingurugiro eta ekologikoak direla.
PSE-EEk, ordea, ez du arrisku ekologikorik ikusten. Itxasok adierazi zuen pasabidearen kokapenak ekosistema endemikoek arazorik gabe bizirautea ahalbidetuko lukeela. Gaineratu zuen, azkenik, Monpaseko pasabidea «donostiarrek nahi duten» inbertsio bat dela, Donostiako itsasbazterra osatzen duena eta Bizkaiko Golkora «bista paregabeak dituena» eta, noski, hau turistentzat erakargarritasun bat izango litzatekeela, beti ere PSE-EEren ordezkariaren hitzetan.