Igerilekua da jende gehien biltzen duena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Luzetsita zeuden Paco Yoldi kiroldegiko erabiltzaile asko, baina iritsi da eguna. Hiru hilabeteko lanen ondoren, astelehenean ireki zituzten berriro ere ateak. Asko dira Anoetako kiroldegi honetara hurbiltzen diren erabiltzaileak. Udazken giroko goiz euritsu hauetan, gainera, pauso arinean dator jendea kiroldegiko babesera. Horietako bat da Ramon Eizagirre; «bost bat urte daramatzat egunero egunero etorriz eta banuen berriro ere kiroldegia irekitzeko gogoa. Oso txukun gelditu da».
Helburu horrekin egin dituzte berritze lanak. Aldagelak handitu eta korridoreak zabaldu dituzte. Gainera, Iñaki Iruretagoiena Kirol Patronatuko Marketin eta Herritarren Arretarako arduradunak esan digunez, «orain igerilekura doazenek ez dute aldagela eta dutxen artean batera eta bestera korridorean barrena ibili beharko toaila hartuta, biak bateratu ditugu, gainerako kiroldegi guztietan bezala».
Hirurehun armairu berri jarri dituzte. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ikusten ez diren aldaketak
Hirurehun armairu berri jartzea, korridore zabalak izatea eta igerilekura nahiz gimnasiorako sarbide erosoak izatea dira erabiltzaileek gehien somatu dituzten aldaketak, baina badira bestelakoak ere. Hodi eta iturriak berritu dituzte, eta kiroldegia girotzeko sarea ere hobetu dute. «Aldaketa hauen bidez, irisgarritasun araudia nahiz legionelari aurre egiteko araudia betetzea lortu dugu. Neurri hauek ez dira ikusten, baina erabiltzaileek zerbitzuaren kalitatean somatzea espero dugu», aitortu digu Iñaki Iruretagoienak. Joan etorrian dabiltzan erabiltzaileei galdetuta, denak oso gustora azaldu dira berrikuntzekin. «Gaur da etorri naizen lehen eguna, eta egia esan oso itxura ona hartu du kiroldegiak; orain ez daukagu kirola egitera ez etortzeko aitzakiarik», esan digu barrezka Esti Lekuonak.
Aldageletako armairuak oso zaharkituta zeuden. (Argazkia: Donostia Kirola)
Iazko datuen arabera, 450.000 erabiltzaile izan ziren Paco Yoldi kiroldegian, gutxi gora-behera, 1.200 pertsona egunean. Normalean datuek ez dute gezurrik esaten, baina kiroldegian zebilen jende andanak ere baiezta dezake erabilera oparoa. «Goizeko zazpietan jende pila izaten da hemen, 50-60 bat lagun, lanera joan aurretik izerdi piska bat ateratzera datozenak», aipatu digu Iñaki Iruretagoinak. Gainera, laister hasiko dira kiroldegiko ikastaroak. Beraz, etorkizun oparoa du Paco Yoldi kiroldegiak