Meskal Ros: "Hezitzaileei bitartekoak eman nahi dizkiegu artearen bidez"
Meskal Ros, Maria Montero-Rios eta Sonsoles Alamo; Haikako kideak
Hezkuntza eta prebentzio programak landuko ditu Haika sortze espazioak; pertsona bakoitzaren sormena bultzatu nahi dute, eta guztien arteko harremanak hobetu nahi dituzte, horretarako, haur eta gazteengan eragin nahi dute bereziki.
Hezkuntzan, osasunean eta artean jarduten duten profesionalak dira Meskal Ros (Egia, 1956), Maria Montero-Rios (Valentzia, 1959), Sonsoles Alamo (Burgos, 1962) eta Blanca L. (Gros, 1962). Kezkatuak daude pertsonen heziketarekin, eta herritar guztiei zabaldu nahi diete bihar arratsaldean Egiako Ametzagaina kalean zabalduko duten egoitza. Programak eta tailerrak eskainiko dituzte, artea hezkuntzarako tresna bezala erabiliz.
Zer izango da Haika?
Maria Montero-Rios (M.M.): Profesional kolektibo bat gara, hezkuntza, osasuna eta artean jarduten dugunak. Hezkuntza eta prebentzio programak landu nahi ditugu, bai haurrentzako bai orokorrean ere. Artearen bidez gizartean eragin nahi dugu.
Sonsoles Alamo(S.A.): Gizarteari zabaldutako gune bat sortu dugu, eta partaidea izatea nahi dugu.
Meskal Ros (M.R.): Hainbat esparrutatik gatoz, baina guztiek izan dugu harremana hezkuntzarekin. Hezitzaileek hutsuneak dituzte euren formazioan, haurrekin eta nerabeekin izan beharreko harremanaren inguruan.
Nolatan erabaki zenuten gune hau sortzea?
M.M.: Maiz amets egiten genuen apustu honekin. Indarrak batzea oso garrantzitsua da.
M.R.: Urte asko generamatzan elkarrekin lanean, eta batzeko ideia sortu zitzaigun.
Zergatik Egian?
M.R.: Partaidetza handiko auzoa da, ez dago Porrontxoak ikusi besterik! Gainera, aurten jakin dugu Egian artista asko daudela, eta lehen aldiz elkarrekin bildu direla. Hori ere guk aurrera egiteko arrazoi bat izan da.
Nori zuzendua dago orduan?
M.R.: Orokorrean hezitzaileei zuzentzen gara; aisialde taldetako begiraleak, jantokitako langileak, gizarte langileak… eskoletako geletatik kanpo ere haurrekin eta gazteekin harremanetan dauden pertsonak. Heldutasuna lantzen dugu, eta haur eta gazteen harremanak hobetu nahi ditugu. Hezitzaileei bitartekoak eman nahi dizkiegu artearen bidez. Hala, haur eta gazteen garapenean eta sormenean laguntzeko gai izan daitezen.
Zer lortu nahi duzue?
M.M.: Harremanak gizatiartu nahi ditugu. Pertsonen arteko harremana hobetzea nahi dugu, eta haur bakoitzaren sormena eta orijinaltasuna landu nahi ditugu. Teknika eta ezagutza garrantzitsuak diren arren, jarrerak eta baloreak landu nahi ditugu. Guzti horretan arteak tokia izan dezake, bizitza ulertzeko beste modu batzuk baititu. Sortu egin behar da, paper bat eta plaztikozko edalontzi batekin bada ere. Sormen prozesuan eragin nahi dugu. Badakigu haurdun dagoen emakume bat ospitalera joaten denean medikuak adeitasunez jasotzen badu, gusturago eta lasaiago egongo dela, arazoak izan arren. Heziketan gauza bera da; hezitzailea lasai badago, haurrak beste modu batera ikasiko du.
Harremanei garrantzia handia ematen diezue.
M.M.: Maiz ez gara konturatzen zein bakartuak gauden, eta gure bizitzak zentzu falta duela. Etengabe gogoko ez ditugun gauzak errepikatzen ditugu. Errealitatea beste modu batekoa izan daiteke, eta gure bizitzan protagonismo handiagoa izan dezakegu.
M.R.: Pertsona baten heziketan denak du garrantzia; jaiotzen den ospitalea, eskola, familia… sistema guztiak eragiten du. Klinikan gaixotasuna sortzeko zer gertatu den aztertzen dute, guk hori ez gertatzeko neurriak hartu nahi ditugu. Ez ditugu hezitzaileak zigortu nahi, lagundu egin nahi diegu.
Zer egingo duzue zehazki Haikan?
M.M.: Haibat bide dauzkagu. Batetik formazioa dago, eta sentsibilizaziorako eta formazio teknikorako taldeetan banatuko dugu. Familia orientazioa ere landuko dugu, haurtzaroa ulertzen badugu gurasook lasaiago egongo gara, eta haurrei lagundu egingo diegu euren hezkuntzan.
M.R.: Bi multzo banatu nahi ditugu; batetik, 3-11 urte arteko haurren gurasoentzat, eta beste bat nerabeen gurasoentzat. Hilabetean behin elkartuko dira eta euren seme-alaben aldaketak ulertzen saiatuko dira, hainbat gaien inguruan.
M.M.: Gorputzarekin harremanetan ere jarriko dira, psikomotrititatearen bidez. Hezitzaileek bildu eta gure lanaz hitz egiteko aukera izango dugu, gure zalantzak eta zailtasunak partekatuko ditugu. Eskolen erronkak geroz eta handiagoak dira, eta pedagogia teknikak bultzatuko ditugu. Aldi berean, espazioa auzoarentzako zabalik egongo da, jendeak proposamenak egin ditzan, edo erakusketaren bat jarri nahi badute… garrantzitsua da auzotarrek jakitea Haika partaidetza gunea izatea nahi dugula.
Sorkuntza tailerrak ere emango dituzue.
M.R.: Bai, Mariak aipatutako bide beretik joko dute sorkuntza tailerrek. Euren helburua ez da ongi edo gaizki egitea izango, eta ez dago teknikarik menperatu beharrik. Sorkuntza prozesua izango da, eta bakoitzaren egiteko modua landuko dugu.
M.M.: Sorkuntza prozesu guztia gogoeta egiteko unea izango da. Idazketa sormena, narrazio autobiografia, argazkilaritza… landuko ditugu. Lengoaia artistikoak esateko modu bat dira, baina baita jasotzeko modu bat ere.
Noiz egongo da zabalik Haika?
S.A.: Momentuz, hilabete bakoitzeko lehenengo asteazkenetan eta larunbatetan irekiko dugu. Pixkanaka programak osatzen ari gara, eta ikastaroek euren ordutegi zehatza izango dute.