Larunbat goizetan ganbera musikaz gozatzeko aukera izango da hirian
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aurten ere Miramongo Matineeak ekimena abian jarriko du, asteburu honetan
Miramongo Matineeak izenekoa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ekimen berezia da. Aurten, XXI. urtez antolatu dituzte larunbat goizetako emanaldiak, orkestraren ezohiko eskaintzarekin, eta atzo eman zuten egitarauaren berri. Hamasei larunbatetan, kontzertuak eskainiko dituzte hainbat musikarik, eta emankizun horiek guztiek osatuko dute ganbera musikaren programa. Kontzertu horietako hamaika orkestrako talde txikiek eskainiko dituzte, kolaboratzaileen laguntzarekin; gainontzeko bost kontzertuak, berriz, orkestratik kanpoko bost talderen esku egongo dira. Lehen saioa larunbat honetan bertan izango da, Lauder Esembleren eskutik; azken emanaldia, berriz, ekainaren 15ean egingo dute. Azken batean, orkestraz eta musikariez beste formatu batean gozatzeko aukera ematen dute larunbat goizetako emanaldiek, Iñigo Alberdi, orkestrako zuzendari nagusiaren hitzetan.
Lauder Esemble izango da larunbat honetan bertan ekimenari hasiera emango dion taldea. Oscar Lopez taldekieetako bat da, eta kontzertuaren azalpen txiki bat egin zuen. Hari boskotea pianoaren laguntzarekin ariko da. «Garai bateko Cafe donostiarrak oroitu nahi ditugu, Bulebarrean eta Askatasunaren Hiribidean zeudenak», aipatu zuen Lopezek. Hala, Barojak eta Usandizagak moldatutako partiturak interpretatuko dituzte, besteak beste.
Bigarren saioan, Francisco Escudero eta Christian Lindberg musikariak gogoan izango dituzte. «Escuderok buruari asko eragiten zion, eta bere lana oso mardula da; Lindbergen lana, berriz, arina da», azaldu zuen Francois Proudek. Hirugarren saioan, berriz, Elena Barbe soprano donostiarra izango da protagonista, Arkaitz Mendozaren pianoaren laguntzarekin.
Doako autobus zerbitzua
Kontzertu bakoitzerako sarrerak 7 euroko prezioa izango du, eta kontzertu guztietarako txartelak, berriz, 76’5 euroko kostua izango du. Telekutxaren 943 00 12 00 telefonoan edo www.kutxasarrerak.net webgunean eros daitezke sarrerak; baita Miramongo egoitzan bertan ere, sarrerak geratuko balira, kontzertuen egunetan, 10:30ean. Gainera, aurreko urteetan bezalaxe, ikusleentzako doako autobus zerbitzu berezia jarriko dute, Miramonera igotzeko. Gipuzkoa plazatik 10:25ean irtengo da autobusa, eta Antxo Jakitunaren kalean eta Madril Hiribidean geltokiak izango ditu.